Gasteiz, bi atxilotu lantegi batean lapurreta egiteagatik

Vehiculo_patrulla_500px.jpg

2021-01-26

Ertzainek 19 eta 22 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten atzo arratsaldean Arabako hiriburuan, indarra erabiliz lantegi batean lapurreta egitea leporatuta. Susmagarriak lantegiaren arduradunak ezagutu zituen negozioaren aurrera berriz agertu zirenean, eta horri esker harrapatu ahal izan zituzten arduradunaren eta handik igarotzen ari zen eta zerbitzuz kanpo zegoen ertzain baten artean.

Ertzaintzak jakin ahal izan duenez, joan den ostiralean, hilaren 22an, bi pertsona sartu ziren Arabako hiriburuko Betoñoko Atean dagoen lantegi bateko instalazioetan. Barrura sartu zirenean, lokaleko bideozaintza-sisteman grabatuta geratu zenez, ustezko lapurrak bertan zegoen autoetako batean sartu ziren, eta 800 euroko balioa zuten hainbat objektu hartuta alde egin zuten.

Atzo arratsaldeko zazpiak aldera, negozioaren arduraduna konturatu zen lantegiaren aurrean zeuden bi pertsona, kasualitatez, segurtasun-sisteman lapurretan grabatutakoak zirela. Horren aurrean, lokalaren jabea ozenki hitz egiten hasi zitzaien eta nolabaiteko zalaparta sortzen saiatu zen.

Zerbitzuz kanpo zegoen eta handik igarotzen ari zen ertzain bat egoeraz jabetu zen, eta lantegira hurbildu zenean gertatutakoaren berri eman zioten. Horrela, agentearen eta lantegiaren arduradunaren artean atxiki zituzten bi susmagarriak ihes egin ez zezaten, eta agenteak gertatutakoaren berri eman zion Ertzaintzari.

Handik laster, polizia-patruila iritsi zenean, agenteei jakitera eman zieten lokaleko bideozaintza-sistemak lapurretan grabatu zituela atxikita zituzten bi pertsonak, eta ertzainek, 19 eta 22 urteko bi gizonak susmagarri gisa identifikatu ondoren eta beharrezko frogaketak egin ostean, biak atxilotu zituzten indarrez lapurreta egitea leporatuta.