Garraio Sailak eta Gasteizko Udalak berretsi egin dute dute Zabalganarako tranbia zabaltzeko konpromisoa

2021_02_15_arriola_urtaran_02.jpg

2021-02-15

  • Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriola eta Gasteizko alkate Gorka Urtaran bildu dira tranbia-proiektuaren egoera eta horrek Euskal Y-an dituen ondorioak aztertzeko
  • Bi erakundeek uste dute aurrera egin behar dela Gasteizen mugikortasun jasangarria bultzatuko duten eta Zabalgana auzoa hiriko gainerako auzoekin lotuko duten irtenbideetan

 

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak lan-bilera bat egin dute astelehen honetan Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzan. Bileraren helburua izan da aztertzea zain egoeratan dagoen hiriko tranbia Zabalgana auzora zabaltzearen eta trenbide-azpiegitura horren etorkizunaren inguruan egiten ari diren informazio-azterlana. Pedro Marco Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeak eta Raimundo Ruiz de Escudero Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotziak ere parte hartu dute bileran. 

Bi erakundeek berretsi egin dute beren konpromiso irmoa tranbia Zabalganara zabaltzeko. Izan ere, horri esker, Gasteizko hiri-kohesioa indartuko da eta mugikortasun jasangarria bultzatuko da hirian, auzoa lotuko baitu erdialdearekin eta ahalmen handiko beste garraiobide publiko batzuekin, baita tranbiaren gainerako lineekin eta Bus Elektriko Iraunkorrarekin ere.

Ibilbideak —jendaurrean jarri da eta alegazio-fasean dago— 6 kilometroko trazadura du. Kilometro batzuk Gasteizko igarobidean trena lurperatuta geratuko litzatekeen espaziotik doaz. Hala, ibilbideak hamaika geraleku ditu eta 120 milioi euroko aurrekontua du —elementu mugikorrak, obra zibila eta instalazioak barne hartuta—.Dena den, Euskal Trenbide Sareak (ETSk) egindako informazio-azterlanean beste trazadura posible batzuk aurreikusten dira, eta horiek ez lukete eraginik izango lurperatzeko epeei dagokienez.

Bileran, bi erakundeek konpromisoa hartu dute aipatutako alternatibak aztertzeko. Horien bidez, Zabalganako tranbiaren zabaltzea gainerako tranbia-sistemarekin eta Gasteizko erdialdearekin lotuko litzateke, Lovaina eta Antxo Jakitunaren geltokien inguruan.