Garraio Sailak eta Bilboko Udalak, tranbia Zorrotzaurreraino luzatzeko trazadura adostu dute

2021-12-22

  • Oraindik idazten ari diren informazio azterlanaren aurrerapenaren arabera, bost geltoki izango ditu, horietako bat Olabeagan, eta 2,4 kilometroko luzera
  • Tranbiaren zubia 100 metro inguru izango da luze, eta Olabeagako kaiaren eta San Nikolas kalearen arteko bidegurutzetik abiatuko da.

Garraio Saila eta Bilboko Udala akordiora iritsi dira, Bizkaiko hiriburuko tranbia Zorrotzaurre uharteraino luzatzeko bidea errazteko. Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak gaur bertan jakinarazi dutenez, trazadura berria 2,4 kilometro inguru izango da luze, eta bost geltoki izango ditu, horietako bat Olabeagan.

Lehen kalkuluen arabera, aurrekontuari eta epeari dagokienez, 40 milioi euroko inbertsioa egingo da, material mugikorra kontuan hartu barik, eta 40 hilabete beharko dira tranbiaren luzapen berria eraikitzeko eta martxan jartzeko.

Euskal Trenbide Sarea trenbide kudeatzailea une honetan idazten ari den informazio azterlanaren aurrerapena da. Lan horiek amaitu ostean, azterlana behin-behinean onartuko da, herritarrek, oro har, alegazioak aurkezteko jendaurreko informazioaren izapidearen zain. Modu berean, organo eskudunak ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena onartu beharko du. Behin betiko onartu ostean, hurrengo pausoa eraikuntza-proiektua idaztea izango da, proiektua gauzatu bitartean jarraitu beharreko jarraibide teknikoak definitzeko.

Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan hedabideen aurrean egindako agerraldian, Arriolak eta Aburtok bi erakundeetako talde teknikoek elkarrekin egindako lana nabarmendu dute, bai eta tranbia luzatzeko lankidetzan jarraitzeko borondate politikoa ere, kasu honetan Zorrotzaurrera, Bilboko tranbia hainbat fasetan ezartzeko aukera eman duen antzeko finantzazio-hitzarmenaren bitartez.

Atxuri-Bolueta tartea 2022ko martxorako martxan jartzearekin batera, Bilboko tranbiak 8 kilometroko sarea izango du (orain 5,8 kilometro dira), eta Bolueta eta Casilla artean 16 geraleku egongo dira. Zorrotzaurrera luzatuta, tranbiak 21 geltoki eta 10,5 kilometroko luzera izango ditu.

Deskribapen teknikoa

Informazio azterlanaren aurrerapenaren arabera, proiektua Euskalduna Jauregiko geltokia gainditu eta gutxira hasiko da. Tranbiak Bihotz Sakratuaren biribilguneari buelta emango dio Zorrotzaurre eta Casilla aldera joateko. Beraz, luzapena martxan jarri ostean, Jesusen Bihotzaren eta Euskaldunako biribilgunearen artean dagoen bulego-eraikinaren aurretik doan zatia erabili barik geratuko da.

Euskalduna Zubirako eta Olabeagarako sarbidea ematen duen errepiderako sarrera gaindituta, ezkerraldea eta Bilbo lotzen zituzten Renfeko trenak zihoazen trenbide zaharraren parean, trenbide bikoitzekoa izango den trazadura berria, eskuinera biratu eta betelan batzuen gainean jaitsiko da, erabiltzen ez den trenbide plataformaren kotara iritsi arte.

Trokabidearen, La Ventosa bidetik Olabegara jaisten den bide txikiaren eta antzinako trenbidearen  bidegurutzearen inguruan egongo litzateke adar berriaren lehen geltokia.

Itsasadarra 100 metro inguruko zubi finko baten bidez gurutzatuko litzateke, Olabeagako kaiaren eta San Nikolas kalearen artean. Puntu horretan, informazio-azterlana idatzi duen taldeak aztertu barik dauka oraindik zubi berria autobusek ere erabiltzeko aukera.

Uhartean jadanik, eta Zorrotzaurreko garapen urbanistikorako diseinatutako plana amaitzearen zain, beste lau geltoki egongo dira.

Lehenengoa, uhartea Deustuko behealdearekin lotzen duen Frank Gehry zubitik gertu egongo litzateke, etorkizuneko hegoaldeko parke teknologikoaren ondoan.

Tranbiak uhartearen beste muturrerantz egingo du Galletagileen etorbidetik, eta bigarren geltoki bat izango du Artiachen galleta fabrika zaharraren eraikinaren ondoan eta San Pablo Apostoluaren Parrokiatik gertu.

Hirugarren geltokia Digipen eta Mondragon unibertsitateek hartzen dituzten Beta eraikinetatik gertu egongo da, Bilboko Udala erabilera publikoko plaza berria urbanizatzeko lanak eta geotermia proiektua egiten ari den lekuan.

Eta uharteko laugarren geltokia etorkizuneko parke teknologikoaren parean egongo litzateke, Lancor eraikinaren parean eta San Inazioko zubitik gertu.