Garraio Sailak berriro ireki du Donostian dagoen Amarako tren geltokiko bizikletentzako aparkalekua

2021-04-21

  • 144 bizikletarentzako edukierarekin, erabilerako arau berriek aparkatzea gehienez lau egunera mugatzen dute, errotazioa bermatzeko
  • Aurrez Euskotrenen bulegoetan erregistraturik dauden kontakturik gabeko Mugi, Barik edo Bat txartelen bidez sartu ahal izango da

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, Euskotrenen eta Euskal Trenbide Sarearen eskutik, bizikletentzako aparkalekua irekiko du bihar, apirilaren 22an, Amarako geltoki barruan. 144 bizikletentzako edukiera izango du, eta, irekiera berriarekin batera, erabilera-arau batzuk ezarriko dira, aparkalekua kontrolik gabeko bizikleta-biltegi bihur ez dadin eta zerbitzua gehiegi ez kargatzeko. Erabilera txarra eta errotazio falta izan ziren azpiegitura hori 2019ko uztailean ixteko arrazoietako bat.

Gaur goizean, Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburua izan da irekiera ekitaldiaren buru, Euskotreneko eta ETSko zuzendaritza taldeko zenbait kiderekin batera. Bere hitzaldian, Arriolak, txikiak izan arren sakontasun handia duten zenbait jarduera nabarmendu ditu, aparkalekuak besteak beste, “garraio jasangarriaren aldeko apustua erakusten dutelako, ingurumena errespetatzen duten bi sistemaren (trenbidea eta bizikleta) trukea errazten dutelako”.

Testuinguru horretan, Arriola sailburuak bere sailak mugikortasun jasangarriarekin duen konpromisoa azpimarratu du. Horretarako, trenbidea hiriguneetan integratzeko jarduketak aipatu ditu, hala nola Altza eta Galtzaraborda arteko topoaren saihesbidearen lizitazioa. Halaber, gogorarazi du bizikletak aparkatzeko beste toki batzuk ere badaudela zenbait tren geltokitan, Zamudion edo Irunen, esaterako, eta erakundeen arteko lankidetza beharrezkoa dela bizikletaren eta trenaren arteko intermodua sustatzeko hiri inguruetan, garraiobide horiek autoa pixkanaka ordezka dezaten.

Bizikletentzako aparkalekua Easo kaletik hurbilen dagoen nasaren ondoan dago, trenbide eremua kale horretako espaloitik bereizten duen burdin hesiaren ondoan. Toki segurua da, argiztatuta, segurtasun-kamerekin zainduta eta itxita baitago. Atea kontakturik gabeko txartelaren bidez irekiko da. Erabiltzaileek txartel hori garraio-tituluaren euskarri gisa dute, Mugi, Barik edo Bat, hain zuzen ere. Txartel horiek, ordea, pertsonalizaturik egon behar dute, eta aldez aurretik erregistratu behar dira Bezeroen Arretarako Amarako Bulegoan.

Izena emateko unean, erabiltzaileei bizikletak aparkatzeko tokia erabiltzeko arauak onartzen dituela adierazten duen agiria emango zaie, sina dezaten, eta baita datu pertsonalen babesari buruzko informazioa ere. Erregistratu ondoren, bere txartela identifikazio-zenbaki bati lotuko zaio, eta zenbaki hori ondo ikusiko den bizikletaren puntu batean jarri beharko da. Plaka hori galdu edo hondatuz gero, beste bat eskatu beharko da; izan ere, aparkalekuan utzita dagoen eta identifikatu ezin den bizikleta oro bertatik kendu egingo da. Erabiltzaileek bizikleta kopuru adina identifikazio eduki ahal izango dituzte.

Bizikletentzako aparkalekurako sarbidea Euskotrenen erabiltzaileentzat izango da, eta, beraz, erregistratutako txartel pertsonalizatuarekin balioztatutako tren-bidaia bat egin aurretik edo ondoren bakarrik erabili ahal izango da. Bizikletak aparkatzeko gehieneko denbora ondoz ondoko lau egunekoa izango da. Epe hori igarotakoan, trenbideko euskal operadoreak lapurretaren aurkako sistema baliogabetu eta bizikleta kendu ahal izango du, aparkaleku hori beste pertsona batek erabili ahal dezan. Bi hilabeteko epean, bertatik kendutako bizikleta gizarte erakunde bati edo irabazi asmorik gabeko erakunde bati eman ahal izango zaio.

Instalazioak erabiltzeko ordutegia tren-zerbitzu komertzialaren ordutegia izango da. Bizikletentzako aparkalekua erabiltzeko baimenaren epealdia urtebetekoa da, txartela erregistratzen den egunetik kontatzen hasita; beraz, urtero berritu beharko da. Berritze horrek ez du inolako erlaziorik izango garraio-tituluen (Mugi, Barik edo Bat) iraungitze-datarekin.