Garraio sailak Belaskoeneako geltokia eraberrituko du

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez, Irungo udalerrian dagoen Belaskoeneako geltokia eraberritzeari ekingo dio urteko azken hiruhilekoan. Proiektuak 200.000 eurotik gorako aurrekontua du, eta 90 eguneko epea gauzatzeko. 

Euskal Trenbide Sareko kontratazio-organoak Alberdi Obras S.L. enpresak aurkeztutako eskaintzarik onena onartu eta dokumentazioa egiaztatu ondoren, esleipena datozen asteetan egingo da, azaroaren hasieran obrak has daitezkeela aurreikusita. 

Eraberritzeko eta egokitzeko jardueren arrazoia erabiltzaileak babesten dituen markesina eta nasaren zoladura osatzen duten lauzak hondatu izana da. 

Hauek dira, besteak beste, enpresa esleipendunak egin beharko dituen lanak: nasa eraistea, saneatzea eta nibelatzea, kutxatilak jartzea, nasaren ertzeko piezak eta zoladura jartzea, egungo seinaleak eta argiak desmuntatzea, egungo markesina kentzea, markesina berria hornitzea eta jartzea, argiteria- eta seinaleztapen-lineak instalatzea, eta, azkenik, pintura aplikatzea trenaren gelditze- eta segurtasun-lerroetarako. 

Belaskoeneako geltokia nasa bakar batek osatzen du, eta Hendaiarako noranzkoan dagoen geltokiaren eraikinetik sartzen da bertara. 

Geltokiko markesina eraikinaren ondoan eta nasaren lehen tartean dago. Metalezko egitura du eta polikarbonato zelularreko xaflez dago estalita, hormigoizko zutabeetan eutsita. Duela gutxi, hobekuntzak egin dira geltokiko seinaleetan eta altzarietan. Altzairu herdoilgaitzezko eserlekuak eta paperontziak instalatu dira, eta informazio-euskarriak led teknologiarekin atzera-argiztatzen dira. 

2019an, covid-aren aurretik, Topoa erabiltzen zuten 136.203 lagunek erabili zuten Belaskoeneako geltokia.