Garraio sailak 73,6 milioi euroren truke lizitatu ditu Altza eta Galtzaraborda arteko topoaren saihesbidearen lanak

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoko kontratazio mahaiak lizitaziora atera du gaur goizean Altza eta Galtzaraborda arteko topoaren trenbide saihesbidearen obra zibila, instalazioak kontuan izan gabe, 73,6 milioi euroren truke. Lanek 50 hilabeteko hasierako epea dute, eta horren barruan herriaren erdigunean lurpeko geltoki berri bat eraikitzeko lanak sartzen dira.

Altza (Donostia) eta Galtzaraborda (Errenteria) arteko bi kilometroko tartea eraikita, 2016ko irailean Topoa Herreratik Altzara eraman zuen trenbideko saihesbidea osaturik geratuko da trenbide bikoitzean. Donostiako azken auzo horretatik, trazadura berriak meategi-tunel bidez egingo du aurrera, Donostia eta Pasaia arteko muga markatzen duen Eskalantegi kalearen pareraino.

Ondoren, ibilbide berriak mendebaldetik ekialdera zeharkatuko du Pasaia, tunel faltsuan, eta, Pasaiako saihesbidearen eta Topoaren egungo trazaduraren azpitik igaro aurretik, meategi-tunelean jarraituko du, Errenteriara iritsi arte.

Puntu horretan, diseinaturiko trazadura kanpora irtengo da Parke kalearen parean, une honetan Topoa igarotzen den ibarbidean jadanik, Galtzarabordako geltokiaren hasieran egungo trenbideekin bat egin arte.

Pasaiako geltokia

Pasaian, lurpeko geltoki bat egitea proposatzen da, Gure Zumardia kalearen ondoko plazaren azpian. Sarbidea Eskalantegi kalean egongo da, eta igogailua, plazan bertan. Larrialdietarako irteera San Markos kalean egongo da.

Trenbideak nasak alboetan izango ditu, baina eskailerak atari bakar batean amaituko dira, eta bertatik irtengo da kalera. Bi nasak ere igogailu baten bidez konektatuko dira atariarekin.

Molinao errekaren presentziak eta inguruko eraikuntzek Pasaiako geltokitik igarotzen den linearen trazadura eta sarbideen eta larrialdiko aireztapenen kokapena baldintzatzen dute.

Pasaiako geltokia “cut&cover” (moztu eta estali) metodoaren bidez gauzatuko da. Horretarako, gainazaletik, geltokia hartuko duten pantailak egingo dira, hidrofresa erabiliz. Pantaila horiek egiteko Azoka eraitsi beharko da.

Zerbitzua martxan jarrita, Altza, Pasaia eta Galtzarabordako topoaren erabiltzaileek 7,5 minutuz behingo maiztasuna izango dute hiriburuaren erdigunera egiten dituzten joan-etorrietan. Gaur egun, maiztasun hori Herrerako geltokiraino baino ezin da eman. 2019an, Altza, Pasaia eta Galtzarabordako geralekuek 1,2 milioi erabiltzaile ekarri zituzten Topora.