Eusko Jaurlaritzaren iritzian, BPGd-aren bilakaerak 2020aren amaieran hasitako joera positiboa berresten du

Evolucion_PIB_Trimestre.jpg

2021-04-19

Eustatek gaur jakinarazi ditu 2021eko lehen hiruhilekoari dagozkion Euskal Autonomia Erkidegoko BPGd-aren bilakaerari buruzko datuak. Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzak adierazi du, Ekonomia eta Ogasun Sailaren bitartez, datu horiek berretsi egiten dutela 2020ko hirugarren hiruhilekoan hasitako ekonomiaren joera positiboa. Izan ere, tasa positiboak ematen dituen ondoz ondoko hirugarren hiruhilekoa da.


Datu horien arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko BPGd-a % 0,2 igo da aurtengo lehen hiru hilabeteetan, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta; Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) egindako Hiru hileroko Kontuen Aurrerapenean jasotako zenbatespenen arabera.

Ekonomia eta Ogasun Sailaren iritziz, behatutako hazkundea (% 0,2), ordea, azken hiruhiruhilekoetako txikiena izan da. Ekonomiaren bilakaera ahul hori Euskal Autonomia Erkidegoko pandemiaren hirugarren olatuarekin bat etorri izanagatik azaltzen da (hirugarren olatuaren kutsatze maximoa otsailaren erdialdean izan zen), eta agerian uzten du gaixotasunaren bilakaerarekin duen korrelazio estua, baita gaixotasunak jarduera ekonomikoaren gainean hartzera behartzen duen neurri murriztaileak ere. Horregatik, litekeena da ziklo ekonomikoan hazkunde sendoagoak ikusten ez hastea, harik eta, txertoen bidez, taldeko immunitate-maila nahikoa lortu eta nolabaiteko normaltasunera itzuli arte.


Eustatek Hiru hileroko Kontuen Aurrerapenean adierazten duen urtetik urterako % 2,9ko jaitsierari dagokionez, kontuan hartu behar da egoera estatistiko hutsa islatzen duela. Pandemiak eragindako gainbehera handiaren ondoren gaur bizi dugun susperraldi txikia 2020ko lehen hiruhilekoarekin alderatu da. Hiruhileko horretan, pandemiaren eragina ez zen bere gordintasun osoarekin agertu (ekonomiaren beherakada handiena 2020ko bigarren hiruhilekoan izan zen). Bigarren hiruhilekorako datuarekin hasiko dira zentzua hartzen urtetik urterako konparazioak.


Enpleguaren datuek BPGd-ak baino bilakaera apur bat positiboagoa erakusten dute, baina joera bera dute. BPGd-aren kasuan bezala, urtetik urterako konparazioak ez du zentzu handirik kasu honetan.


Azkenik, Ekonomia eta Ogasun Sailaren balorazioari dagokionez, nabarmendu beharra dago Eustaten aurrerapena ez dela Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzaren aurreikuspenetik asko aldentzen, ez BPGd-an (-% 2,9, gure -% 2,5aren aldean), ez enpleguan (-% 2,1, gure -% 2,5aren aldean); apur bat okerragoa BPG-an eta apur bat hobea enpleguan.