Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak turismo-bonua erabiltzea sustatzeko publizitate-kanpaina bat jarri du abian

L_142821_captura-de-pantalla-2020-10-28-a-las-142807.jpg

2021-07-01

  • Euskadi Turismo Bonuak 460.000 bonu jarri ditu zirkulazioan, 14 milioi euroko ekonomia-eragina izango dutenak, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen arteko akordio aitzindari bati esker

  • Euskadi Turismo Bonua 2021eko abenduaren 31 arte erabil daiteke jatetxeetan, ostalaritzan eta turismo-enpresetan

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eta 3 hiriburuetako udalek, Aldundiek eta EUDELek akordio aitzindari bat sinatu zuten 2020an kontsumo-bonu bateratuak gizarteratzeko: "Euskadi Bono Denda" eta "Euskadi Turismo Bonua", sektore hauei lagundu ahal izateko, pandemiak gogorren erasan dutenen artean baitaude. Mugikortasunaren askotariko murrizketak eta mugapenak direla eta, Turismo Bonua ez zen aktibatu ahal izan eta, ondorioz, epea luzatzea erabaki zen, 2021eko apirilaren 13tik abenduaren 31ra. 

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak publizitate-kanpaina bat jarri du abian turismo-bonuaren ezagutza bultzatzeko, udari begira jarduerak gorantz egingo duela baliatuz. Kanpainaren helburua da gogora ekartzea zeintzuk diren "Euskadi Turismo Bonua"ren ezaugarriak eta ematen dituen deskontuak eskuratzeko modua. Irratiko iragarki laburren, telebistako spoten eta prentsako zein interneteko iragarkien bitartez, bonua albait gehien ikusarazi eta kontsumoa aktibatu nahi da.

euskaditurismobono.eus web-orriaren bidez, atxikimendua agertu duten enpresak eta establezimenduak kontsulta daitezke. Ez da beharrezkoa aldez aurretik erostea; aldiz, nahikoa da aukeratzen diren eta programari atxiki diren establezimenduetan eskatzea. Pertsona kontsumitzaileek www.euskaditurismobono.eus web-orrian ikus ditzakete atxikimendua agertu duten establezimendu eta enpresa guztiak.

Bonuen bidez, asmoa da krisiak gogorren zigortu dituen sektoreak biziberritzea eta erasana jasan duten familien kontsumoa aktibatzen laguntzea. Jatetxeen, ostalaritzaren eta turismoaren aktibazioa dinamizatzeko formula bat da, hala tokian-tokian nola eskualdeetan eragina izan dezan sustatuz.

Bonu hauek Euskadin bizi diren edo beste tokietatik bisitatzen gaituzten 18 urtez gorako pertsona fisikoei aplikatuko zaizkie. Bonuak deskontu-txartelaren ereduan oinarritzen dira, eta 3 modalitate dituzte. 1 eta 2 modalitateak ostalaritza, jatetxe eta turismo-intereseko jardueretara zuzentzen dira, eta 5-10 euroko deskontuak ematen dituzte 20 edo 40 euroko gutxienezko erosketak egiteko, hurrenez hurren. Hirugarren modalitatean, deskontua 20 eurokoa izango da gutxienez 60 euroko erosketetarako, turismo-alojamenduko establezimenduetan. 2 bonu eskuratu ahal izango dira gehienez establezimendu bakoitzeko, eta gehienez 40 euroko deskontua guztira pertsona bakoitzeko.

“Euskadi Turismo Bonua” turismo eta ostalaritzarekin lotura duten Euskadiko enpresa mikro, txiki eta ertainetara zuzentzen da, adibidez hauexek: alojamendu-establezimenduak; turismo-gidariak, bitartekaritzako eta turismo-zerbitzuak antolatzeko turismo-enpresak; jatetxeak eta ostalaritza-establezimenduak; naturako kirol-jardueretarako enpresak, hala nola turismoa aktiboa eta abenturako turismoa; turismo-garraiorako enpresak; kultura-, gastronomia- eta natura-ondarearen zabalkunderako; eta aisialdi-zentroetarako enpresak.

www.euskaditurismobono.eus