Eusko Jaurlaritzak UICN erakundearen Naturaren Munduko Kongresuan parte hartu du Marseillan

Argitalpen-data: 

congreso-naturaleza-marsella-1.jpeg
  • UICN (Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batasuna) munduko ingurumen-sarerik handiena da, eta 16.000 aditu eta 1.300 erakunde biltzen ditu
  • 2021eko Naturaren Munduko Kongresua egun hauetan egiten ari da Marseillan, natura kontserbatzeko ekintzak eta garapen jasangarrirako trantsizioa bultzatzeko helburuarekin
  • Kongresuan aurkeztutako proposamenen artean, nazioz azpiko gobernuak UICNko kidetzat hartzeko mozio bat sartu du Eusko Jaurlaritzak

UICNren (Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batasuna) Kongresua Marseillan egiten ari da irailaren 3tik 11ra bitarte. Kongresua 4 urtetik behin egiten da, eta hasieran 2020ko ekainerako programatuta zegoen, baina atzeratu egin zen COVID-19aren pandemiaren ondorioz. Pandemiak agerian jarri du naturak eguneroko bizitzan duen garrantzia, baita osasunarekin duen lotura estua ere.

UICN munduko ingurumen-sarerik handiena da, eta 16.000 aditu eta 1.300 erakunde biltzen ditu. Haien artean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila dago. Erakundearen funtsezko helburua da natura-ondarearen leheneratzea, kontserbazioa eta erabilera jasangarria zaintzea.

UICNren Kongresua funtsezkoa da natura kontserbatzeko eta biodibertsitaterako munduko esparru berri bat garatzeko. Frantziako gobernuak, UICNk eta kide diren 1.400 erakundeek (Eusko Jaurlaritza tartean) tinko eusten diote giza ongizateari eta garapen jasangarriari lotutako helburuekin hartu duten konpromisoari. Kongresuak naturaren kontserbaziorako munduko komunitatea bildu du, eta, haren barruan, kontserbazioari lotutako zientzietan, politiketan eta jardunbideetan adituak diren nazioarteko esparruko pertsonak.

UICNko Kideen Batzarrak aukera eman die erakunde kideei (estatuak, gizarte zibila eta herri indigenak barne) naturaren kontserbazioaren arloan premiazkoenak diren gaiak eta haiei ekiteko beharrezkoak diren ekintzak demokratikoki zehaztera bideratutako mozioak aurkezteko.

Mozioen bitartez, UICNko kideek beren eragina zabaltzen dute hirugarrenengan, eta erakundearen politika eta programa bideratzen dituzte. Puntu horretan, azpimarratu beharra dago Eusko Jaurlaritzak nazioz azpiko gobernuak UICNko kidetzat hartzea proposatzeko aurkeztu duen gobernantza-mozioa.

Bihar, irailak 10, “Marseillako emaitzak” adierazpena argitaratuko da. Komunikatu horren bidez, adierazpen irmo batez hornitu nahi da Naturaren Munduko Kongresua. Adierazpen horrek Kongresuan landutako funtsezko alderdien ondorioak bilduko ditu: inplikatutako kide guztien lankidetzaren garrantzia, COVIDaren ondorengo susperraldia (naturan oinarritua) eta klima-larrialdiaren eta biodibertsitatearen arteko lotura.