Eusko Jaurlaritzak toki-mailara zabaldu du Migraziorako Euskadiko Itun Soziala, eta udalei hari atxikitzeko gonbita egin die

Pacto_Social_Vasco_por_la_Migracion__16_.jpg

2021-10-15

  • Xabier Legarreta Migrazio eta Asiloko zuzendaria alkateei zuzendu zaie gutun bidez, “Euskadin demagogia populistari aurre egiteko diskurtso partekatua eta batasuneko irudia finkatzeko”
  • ‘Jaso nahiko genukeena eskaintzea’ kanpainak abenduaren 18ra arte iraungo du, Migratzaileen Nazioarteko Egunera arte, eta, kanpainari amaiera emateko, erakunde-ekitaldia egingo da
  • “Migratzaileek Euskadin beren bizi-proiektuak errealitate egin ahal izatea nahi dugu”, esan du Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak
  • Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburuaren iritziz, “aniztasuna zentzuz kudeatu behar da, gure gizarte-kohesioa eta ongizatea bermatzeko, eta garapen ekonomiko jasangarriaren aldeko apustua egiteko”

Vitoria-Gasteiz, 2021/10/15

Migraziorako Euskadiko Itun Sozialak bere ekintza-eremua zabaldu eta toki-mailara hedatu da, udaletara. Eusko Jaurlaritza atxikipen-kanpainarekin hasi da Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien artean, “Euskadin demagogia populistari aurre egiteko diskurtso partekatua eta batasuneko irudia finkatzeko”, esan du Xabier Legarreta Migrazio eta Asiloko zuzendariak.

Legarretak berak sinatu duen gutun bat bidali zaie Euskadiko alkate guztiei eta, haren bidez, udalak Migraziorako Euskadiko Itun Sozialari atxikitzeko gonbita egiten die. Proposamena da dokumentua dagokion udalaren osoko bilkuran aurkeztu eta onartzea.

 Proposatutako dokumentuak honako hau dakar: “Xenofobiaren edozein erabilera populistaren aurrean, konpromisoa hartzen dugu gehiengo demokratikoaren pisua eraginkorra izateko batasunari eusteko”.

Atxikipen-kanpainaren lema Jaso nahiko genukeena eskaintzea da, eta kanpainak berak abenduaren 18ra arte iraungo du, Migratzaileen Nazioarteko Egunera arte. Kanpainari amaiera emateko, erakunde-ekitaldi bat izango da eta, hartan, atxikitzen diren gobernu guztiei egingo zaie aintzatespena. Era berean, toki-ordezkariei zenbait ekimen eta  jardunbide egokien gida bat emango zaizkie, 2022an zehar Migraziorako Euskadiko Itun Sozialaren edukia beren elkarte eta erakundeen eta egokitzat jotzen dituzten toki-taldeen artean zabaldu ahal izateko.

Elkarlana EUDELekin

Lan-lerro horretan, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, asteon, Gorka Urtaran Eudeleko elkarteburuarekin eta Vitoria-Gasteizko alkatearekin izan du topaketa bat, eta udalei bidalitako gutuna eman dio, eskura.

Artolazabalek Urtarani azaldu dio bere Sailaren helburua honako hau dela: “itun hau Euskadiko udalerri guztietara iristea, haien udalen atxikipenaren bidez, Euskadi solidarioagoa eta erosoagoa izateko urratsak ematen jarraitzeko”. Sailburuak, era berean, honako hau esan du: “Migratzaileek Euskadin beren bizi-proiektuak errealitate egin ahal izatea nahi dugu”. Eta, gogorarazi duenez: “milaka euskal herritarrek ere babesa eskatu behar izan zuten beste nazio batzuetan, 1936ko Gerra Zibilaren ondoren, eta Euskadik, gaur egun, asilorako eta harrerarako lurralde solidarioa izan nahi du”.

Bestalde, Urtaranek ekimen horri ahalik eta udalerri gehien atxikitzeko erakunde-elkarlanaren balioa nabarmendu du: “EUDELetik Euskadiko udal guztiak animatzen ditugu Migraziorako Itun Sozial hau sinatzera”. Gorka Urtaranek nabarmendu du “Euskadiko gizartea plurala eta askotarikoa” dela, eta, beraz, “aniztasuna zentzuz kudeatu” behar dugula, “aniztasunaren kulturatik abiatuta, gure gizarte-kohesioa eta ongizatea bermatzeko, eta garapen ekonomiko jasangarriaren aldeko apustua egiteko”.

Migraziorako Euskadiko Itun Soziala

Xabier Legarretaren gutunean jasotzen den bezala, Migraziorako Euskadiko Itun Soziala aurreko legegintzaldietan eginiko parte hartzeko lanaz elikatu da. Iñigo Urkullu Lehendakariak berak aurkeztu zuen dokumentua 2019ko azaroaren 30ean, Euskadiko gizarteko instituzio- eta erakunde-ordezkaritza zabalarekin.

Migraziorako Euskadiko Itun Sozialak aniztasuna, elkartasuna eta beharrizana ditu abiapuntu, migratzaileen prebentziozko arreta humanitarioan konpromisoa hartzeko, nagusiki kalteberatasun-egoeran daudenen kasuan, besteak beste bakarrik dauden emakumeen edo ardurapean adingabeak dituztenen eta giza eskubideen indarkeriaren biktima direnen kasuan.

Ituna sei hizkuntzatara dago itzulita (euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, arabiera eta errumaniera), eta Eusko Jaurlaritzaren https://labur.eus/5iLS7 webgunean dago eskuragarri, pertsona eta erakundeen atxikipenak lortzeko.