Eusko Jaurlaritzak sozietate publikoa sortzeko baimena eman du, Finkatuz funtsa kudeatzeko, 160m/"-ko kapital sozialarekin (Gobernu Bilera 2021-4-13)

Eusko Jaurlaritzaren instalazioak, Lakuan

2021-04-13

Gobernu Kontseiluak Finkatuz Funtsa kudeatzeko "FINKATZE KAPITALA FINKATUZ, S.A." sozietate publikoa sortzeko baimena eman dio Finantzen Euskal Institutuari (FEI). Funtsaren helburu soziala da Euskadiko enpresa handietan epe luzeko finantza-partaidetzak eskuratzea, besterentzea eta kudeatzea, hemen errotuta jarraituko dutela eta euskal produkzio-ehun osoan trakzio-izaera izango dutela bermatzeko. Sozietatearen fundazio-kapitala 160M/€ da.


Horrela, FEIk sozietate publiko berriaren esku jarri ahal izango ditu merkataritza-sozietateen kapitaleko akzioak eta partaidetzak, lehentasunezko harpidetza-eskubideak, obligazioak, kredituak eta titulartasuneko antzeko beste edozein eskubide, baldin eta bere estatutuetan aurreikusitako inbertsio-irizpideekin eta jarduketa-printzipioekin bat egiten badute.

FEIri dagozkion bazkide-eskubideak bere Administrazio Kontseiluak baliatuko ditu, eta azken hori akziodunen batzar orokorra izango da.

Parte hartzeko erabakiek bete beharreko inbertsio-printzipioak estatutuen zirriborroan zehaztutakoak izango dira; besteak beste, honako hauek:

  • Enpresaren tamaina: 100 milioi eurotik gorako fakturazio-bolumena eta gutxienez 50 langile dituena.
    • Forma juridikoa: egoitza soziala Euskadin duten kapital-sozietateak eta kooperatibak, baita sozietate anonimo kotizatuetan dutenak ere. Ez da parte hartu beharko, aldi berean, talde bateko kide diren enpresetan.
    • Euskadin errotzea. Errotze kontzeptua enpresaren zerga-egoitzari edo enpresaren establezimendu iraunkorrari lotuta egongo da. Partaidetzaren bokazioa irautea da, eta, beraz, ez dago denbora-mugarik.
  • Krisian dauden enpresak: baztertuta.

Lehentasunezko sektore estrategikoen artean, zerrenda itxia izan gabe, honako hauek ezartzen dira preferentziaz:
• Aeronautika
• Elikadura
• Automobilgintza
• Biozientziak
• Eduki digitalak
• Ekoindustriak
• Energia
• Makinak
• Produktu eta instalazio siderurgikoak
• Teknologia elektronikoak eta informaziokoak
• Garraioak, mugikortasuna eta logistika

Partaidetzak irauteko bokazioa izango du. Beraz, ez da ezartzen inbertsioaren gehieneko eta gutxieneko iraupen-aldirik. Sozietate berriak, hasiera batean, ez du giza baliabiderik izango, ezta baliabide materialik ere; izan ere, kudeaketa- eta administrazio-lan guztiak FEIk egingo ditu. Sozietate berriaren gastu guztiak bere jardueratik datozen diru-sarrerekin finantzatuko dira (dibidenduak), eta, beraz, ez da beharrezkoa izango EAEren aurrekontuen ekarpen gehigarria egitea. 2021eko kapital-aurrekontuarekin batera, Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspena da legegintzaldian zehar kapital soziala handitzea, 300M/€-ra iritsi arte.