Eusko Jaurlaritzak sendotu egin ditu COVID-19-ari aurre egiteko osasun-neurriak, sasoiko langileak datozenerako

2021-05-10

Osasun Sailak proba diagnostikoak egingo dizkio mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreko sasoiko langileen kolektiboari, lana "bermeekin” egin dezaten

 

Osasun Sailak kanpaina bat jarri du abian, mahastizaintzako eta ardogintzako lanak direla eta Arabako Errioxako eskualdean izango diren sasoiko langileetan COVID-19aren aurreko osasun-neurriak sendotzeko.  Osasun Sailak eta Osakidetzak beharrezkoak diren proba diagnostikoak egingo dituzte, eta haien osasun-asistentzia bermatuko dute, beharrezkoa bada. Ekimen hori Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta enpresa eta upeltegi kontratatzaileekin elkarlanean egiten ari da.

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak nabarmendu du garrantzi handia duela COVID-19aren aurrean ahalik eta prebentzio-neurri gehien hartzea sasoiko langileek mahastizaintzako eta ardogintzako lanak egin bitartean, “berme guztiekin” egin ahal izateko lan.  Era berean, egiten ari den prebentzioko eta gizarte-kontzientziazioko lana oso positiboa dela esan du; kolektibo horrekin harremanetan dauden eragile guztiekin koordinatuta egiten ari da lan hori.

Osasun Sailak, lanarekin hasi aurretik, baheketa modura PCR proba egitea eskainiko die sasoian lan egitera mugitzen diren langile guztiei. Proba horren emaitzak erabakiko du pertsonak une horretan COVID19agatiko infekzioa aktibo duen, eta berehalako neurriak ezartzeko aukera emango du, gaixotasuna transmititzeko kateak mozteko. Proba diagnostikoak maiatzaren 10etik 28ra bitartean egingo dira, Laguardiako pilotalekuan.

Arabako ESIko eta Arabako Errioxako ESIko kontaktuen jarraipenen taldeek, gainera, taldeetako bat esklusiboki bideratuko dute udaberriko kimaketaren kanpaina osoan segimendua egitera. Eta, era berean, talde hori arduratuko da langileren bat positibo izanez gero edo kontaktu estua izateagatik berrogeialdia bete behar izanez gero isolamendu-neurri egokiak hartzeaz.

Informazio-kanpaina egiten ari da enpresa kontratatzaileen eta enplegatuen artean, eskura dituzten baliabideak eta une bakoitzean bete beharreko protokoloak ezagut ditzaten. COVID-19aren inguruko informazioari buruzko web-atalean, informazio-orriak eseki dira, 6 hizkuntzatan: euskara, arabiera, portugesa, frantsesa, ingelesa eta gaztelania.

 

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 10a