Eusko Jaurlaritzak, pandemiaren eragina arintzen laguntzeko, 2,3 milioi euro bideratuko ditu kulturaren arloko profesionalentzat eta kirol-instalazioak kudeatzeko

2021-03-09

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuekin batera.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak jakinarazi duenez, Gobernu Batzordeak bi dirulaguntza deialdi berezi onartu ditu, bat Kultura arlorako, eta bestea, Kiroletarako.

Kulturaren arlokoak 1,1 milioi euroko poltsa du eta kultura arloko profesional autonomo, enpresa eta entitate profesionalei zuzenduta dago. 2020. urtea kultura arloko jarduera askorentzat zaila izan delarik, itxieraren ondorioek eragin zuzena izan dutelarik enpleguan eta diru sarreretan, dirulaguntza hauen helburua diru-sarreretan jaitsierak izan dituzten eragileei laguntzea da, beren egituretan eta jakiturian aurrera egiten laguntzeko. Dirulaguntzak eskatzeko aukera arlo hauetako profesionalek izango dute: arte eszenikoak, ikusizko arteak, arkeologia, ikus entzunezkoak, bertsolaritza, bitartekaritza, kultura aholkularitza, liburugintza eta literatura, musika eta ondarea.

Zupiria bozeramaileak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak iazko ekainetik egin duela jarduera kultural presentzialaren alde eta beharrezkoak diren babes neurri guztiak mantenduz denbora guzti honetan jarduera hori zabalik mantentzea lortu da. Horrela, azaldu du, urtebete honetan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 3,1 milioi euro bideratu dituela kultura-sektorea laguntzeko Covid-19ak sortutako alarma-egoeraren eta bizi izan den osasun-larrialdiaren ondorioen aurrean.

Kirolera bideratutako deialdiari dagokionez, Gobernu Kontseiluak diru-laguntzen deialdi berezi bat onartu du gaur, COVID 19ak kirol-klubetan eta kirol-instalazioetan edo gimnasioetan izango dituen ondorioak arintzeko. Laguntza honetarako partida 1,2 milioikoa da. Sailburuak adierazi duenez, kirol arloa pandemiaren eragina gehien pairatu duten horien artean dago, bere jarduera erabat eta partzialki gelditzera behartuta egon baita: federazio-lehiaketak bertan behera geratu dira, kirol instalazioetako gehieneko edukiera gutxitu da eta ikusleen presentzia ere kirol lehiaketa, ekitaldi eta ikuskizun guztietan mugatu da. Horrek guztiak nabarmen murriztu ditu kirol-arloko erakundeen diru-sarrerak, eta, deialdi honen bidez, hartutako neurrien ondorioz sortutako galera ekonomikoak ahal den neurrian arintzen lagundu nahi da.

Bestalde, Sagardui sailburuak koronabirusak Euskadin  duen eraginari buruzko datu eguneratuak eman ditu jakitera; eta adierazi du Intzidentzia globalaren jaitsierarekin jarraitu arren, datozen asteetako bilakaera erabakigarria izango dela esan du.

Txertoari dagokionez, Osakidetzak Astra Zenecaren txertaketa azkartuko du 55 urte edo gutxiagoko pertsonen hogeita hamar bat kolektibo identifikatu ostean. Gainera, Osakidetzak txertoa hartzeko zitazio-bide berriak aktibatuko dituela jakinarazi du. Osakidetzaren webgunearen bidez izango da eta bihar hasiko da hezkuntza arloko kolektiboarekin, publiko zein itunpekoekin: lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta jantokiko, sukaldeko eta garraioko langileak. Horrela, Sagardui sailburuak azaldu du, bihartik aurrera, pertsona horiek hitzordua eskatu ahal izango dute Osakidetzaren orrira sartuta, eta mezu bat bidaliko da telefono mugikorrera, adierazteko webgunean sar daitezkeela eskatzeko.

Era berean, Osasun sailburuak esan du Osakidetzak 90 urteko populazioaren txertaketarekin jarraitzen duela eta 80 urtetik gorako pertsonengana jaitsiko dela populazioaren immunizazioan aurrera egiten jarraitzeko. "Kolektibo horri, Osakidetzak telefonoz deituko die, hitzordua eskatu eta dosia nola eta noiz emango zaien zehazteko.", azpimarratu du.

Gainera, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak jakitera eman du gaurko Gobernu Kontseiluaren bileran Lehendakariak "2030 Agendaren lehentasunen Euskal Programa" dokumentua aurkeztu duela, Trantsizio Sozialeko eta 2030 Agendarako Idazkaritza Nagusiaren legealdiko jarduera-plana. Zupiriak azaldu duenez,  dokumentu irekia da, ondorengo bi hilabeteotan, beste sail, erakunde eta gizarte-eragile batzuen ekarpenak jasotzeko prest dagoena; eta, azken bertsioa, behin-betikoa, ekainean onartuko du Gobernu Kontseiluak.

Bestalde, Bingen Zupiriak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak 500 milioi euroko finantzaketa-lerro berri baten lehen erdia, 250 milioi, onartu duela gaur enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei pandemiak eragindako krisialdi honetan likidezia errazteko. Laguntza-lerro hau Elkargiren bidez bideratuko da. Ekimen horrek, gainera, hobetu egiten ditu aurreko finantzaketa-programaren baldintzak (2020ko apirilean eta maiatzean jarri zen abian); izan ere, aldaketak daude maileguen gabealdiari eta amortizazioari dagokienez: oraingo deialdian bi urteko aukerako gabealdia eta sei urteko amortizazioa jasotzea da –lehen urte beteko gabealdia eta lau urteko amortizazioa zegoen–. “Hobekuntza hauek, batez ere, COVID-19ak gehien zigortutako sektoreetan dauden enpresa ertain eta txikientzat eta enpresaburu autonomoentzat dira egokiak, zirkulatzailearen likidezia-premiei eta finantzaketa-beharrei bizkor erantzuteko modua izan dezaten”, esan du.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena