Eusko Jaurlaritzak pandemiaren aurkako neurriei ahalik eta segurtasun juridiko handiena emateko euskal lege baten bideragarritasuna aztertuko du

2021.02.19_Olatz_Garamendi__2_.jpg

2021-02-19

  •  Zerbitzu juridikoak etorkizuneko lege baten aukerak aztertzen ari dira, Gobernuak osasun-krisiari aurre egiteko burutzen dituen jardueren berme juridikoak zehazteko

Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoak aztertzen ari dira Euskadiko erakundeek, Covid-19tik eratorritako osasun-krisiari eusteko eta aurre egiteko, behar dituzten neurrien jatorriari eta eraginkortasunari buruzko berme juridikoak sendotu edo areagotuko lituzkeen pandemiaren aurkako balizko lege baten aukera.  Hala iragarri du Olatz Garamendik, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak, Eusko Legebiltzarrean, PP-Ciudadanos taldeko Luis Gordillo legebiltzarkideak egindako interpelazioari erantzunez.

Garamendik azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoak bide guztiak aztertzen ari dira osasun agintarien erabakiei ahalik eta ziurtasun eta aurreikusgarritasun handienak emateko. Sailburuak adierazi duenez, pandemiak "mugaraino eraman du esku-hartze publikoaren beharra, euskal erakundeek dituzten eskumen-marjinak muturreraino tenkatuz".

Bere hitzetan, koronabirusaren krisiak agerian utzi du protokoloak eta araudia eguneratu egin behar direla munduko ia herrialde guztietan, eta koronabirusa bera agertu aurretik legebiltzarrek eta gobernuek aurreikusi ere egin ez zituzten alderdietan eguneratu beharrean daudela. “Pandemiak sortutako egoera aldakorra eta lurrunkorra da, eta gure planteamenduak etengabe berrikustera behartzen gaitu”, adierazi du gaur Eusko Legebiltzarrean egindako kontrol saioan. Egoera horrek “ziurgabetasuna eta egoera problematikoak sortzen ditu osasun publikoaren kudeaketari aurre egiteko orduan”, adierazi du.

Arauaren helburua pandemiaren kudeaketan estaldura juridiko hobea eta argiagoa eskaintzea izango litzateke. Sailburuak adierazi du lehentasunezkoa dela Eusko Jaurlaritzarentzat berme nahikoa duten lege-tresnak eskura izatea.

Horren harira, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzak pandemian zehar egon diren foro guztietan “berme handiagoak” eskatu dituztela gogorarazi du. Era berean, EAEko legegileak Alarma Egoerak osasun krisia kudeatzeko eskaini zuen habilitazio orokorra zehazteko eskumena duela azpimarratu du.

Lege berri batek erabakiak hartzeko prozesua indartuko lukeela gogorarazi ostean, Garamendik esan du arauak “argitasun, eraginkortasun eta ulermen dosi handiagoak” emango lituzkeela. Era beran, aurrean ditugun erronken tamainak “autogobernu sistemaren tresna guztiak modu intentsiboan erabiltzea” eskatzen duela esan du, euskal erakundeen botere guztiak erabiliz, haien ahalmenen mugaraino. Sailburuak zehaztu du, arau berria onartuz gero, ez lituzkeela aldatuko Euskadiren eta Estatuaren arteko eskumenak eta, beraz, “Alarma Egoerak gure esparru saihestezina izaten jarraituko luke”.

Azkenik, bere hitzetan, pandemiari aurre egiteko hartu behar ditugun erabakiak babestuko dituen arau baten beharra ez dagoela ostalaritza berriz irekitzeko auto judizialarekin lotuta. Gainera, Eusko Jaurlaritzak lege berriaren babespean hartutako edozein neurri “auzitegien aurrean errekurritzeko aukera legoke”.