Eusko Jaurlaritzak ia 6 milioi euro bideratuko ditu kultura sektoreko profesionalei zuzendutako 2021eko COVID laguntzetako eskaerei erantzuteko (Gobernu Bilera 2021-5-11)

Argitalpen-data: 

fotoconsejo.jpg
  • Dirulaguntzetara bideratutako hasierako 1,1 milioi euroko kreditua 5,9 milioi eurora handitzea onartu du gaurko Gobernu Kontseiluak
  • Guztira 416 eskabide jaso dira eta horietatik 361 onartu dira
  • Kultura eta Hizkuntza Politika sailak izapide guztiak bukatu eta berehala laguntzak ordaintzen hasteko asmoa du 

Gobernu Kontseiluak 2021ean kultura arloko profesionalei zuzendutako COVID-19 laguntzetarako hasieran aurreikusitako gehienezko dirua gehitzea onartu du gaur. Horrela hasierako 1,1 milioi euroak beste 4.810.000 euroan gehituko dira jasotako eskaerei ahalik eta erantzun egokiena eman ahal izateko. Horrela, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 5.910.000 euro bideratuko ditu kultura arloko profesionalei dirulaguntza berezi hauen bitartez laguntzeko.

Martxoaren 17tik apirilaren 16ra bitartean izan dute aukera kultura arloko profesionalek COVID-aren eragina arintzea helburu duten diru-laguntza hauek eskatzeko. 2019ko fakturazioarekin alderatuta, 2020an % 20tik gorako fakturazio murrizketa izan zuten pertsona autonomo, enpresa eta kulturako erakunde profesionalek izan dute eskaerak aurkezteko aukera, hori izan da deialdiak biltzen zuen baldintza nagusiena.

Hilabetean guztira 416 eskabide jaso ziren eta horietatik, baldintzak betetzen dituztelako, 361 eskaera onartu dira. Sektoreka honako hau da dirulaguntzetara aurkeztutakoen banaketa:

Sektorea

Eskaera kopurua

Musika

138

Arte Eszenikoak

115

Ikus-entzunezkoak

99

Bitartekaritza/kultura eta aholkularitza

19

Ikusizko arteak

18

Arkeologia eta ondarea

13

Literatura eta liburua

11

Bertsolaritza

3

Guztira

416

Eskaerak aztertu ondoren ikusi da iaz kultur sektoreko profesionalen fakturazio jaitsiera guztira 88,2 milioi eurokoa izan zela. Horrek esan nahi du, bataz beste, ehuneko 64,6ko fakturazio jaitsiera izan zutela. Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren asmoa eskaera guztiei modu egoki eta eraginkorrean erantzutea da eta hori dela eta, hasierako 1,1 milioi euroko diru-poltsa 5,9 milioi eurora igoko du. Kulturaren sektoreko profesionalek pandemiaren ondorioz bizi izan duten egoera zaila arintzea da helburua. Jasotako eskaeren kopuruaren arabera, eskatzaile bakoitzak bataz beste 16.364 euro jasoko ditu.

Jarduera asko bertan behera geratu dira, jardueraren moteltzea ere nabarmena eta aforoak ere murriztu dira, beste neurri batzuen artean.  Horrek testuinguru aldakorrak eta ziurgabetasun maila handia eragin ditu sektorean kultur egituren bizi-iraupena kolokan jarriz. Kulturaren Euskal Behatokiak pandemiaren hasieran kaleratutako datuen arabera kultur jarduera % 82,6 murriztu zen eta lanpostuen % 43 galdu zen. Nazioarteko hainbat ikerketek ere horrela erakusten dute eta Europar Batasunean esate baterako, sektorerik kaltetuenetako bat izan da aire garraioaren atzetik eta turismoaren aurretik. Horrela adierazten du “Rebuilding Europe. The cultural and creative economy before and after the COVID19” txostenak.

Eusko Jaurlaritzak sortzaileei eta kultura arloko profesionalei laguntzeko duen konpromisoa berresten du diru-laguntzetara hauetarako kreditu gehigarria onartzeak. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eskaera guztien izapideak bukatuta berehala dirulaguntzak ordaintzen hasteko asmoa du.