Eusko Jaurlaritzak ez du aintzat hartu EnergiBerri sozietate publikoa sortzeko lege-proposamena (Gobernu Bilera 2021-12-14)

fotoconsejo.jpg

2021-12-14

 

  • Ez du beharrik ikusten Euskadin energia berriztagarrien sozietate publiko bat sortzeko, egungo egiturek eta foroek behar bezala funtzionatzen dutelako
  • Jaurlaritzak nabarmendu du Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) duela ia berrogei urtetik jasotzen dituela sozietate berrirako proposatutako funtzioak eta eskumenak 

Gobernu Kontseiluak baztertu egin du Elkarrekin Podemos legebiltzar taldeak proposatutako EnergiBerri-Euskadiko Energia Berriztagarriak sozietate publikoa sortzeari buruzko lege-proposamena izapidetzea eta onartzea. Eusko Jaurlaritzak uste du jadanik badaudela proposamenarekin lortu nahi diren helburuak betetzen dituzten organoak eta foroak, eta behar bezala funtzionatzen dutela. Honenbestez, gaurko bileran adierazi du sozietate publiko hori sortzearen aurka dagoela, aukera, eraginkortasun eta proportzionaltasun arrazoiengatik. 

Eusko Jaurlaritzak ez du sozietate publiko bat sortzeko beharrik ikusten. Izan ere, 1982tik energia agentzia bat du lanean, Energiaren Euskal Erakundea (EEE), eta honek funtsezko zeregina bete du euskal energia sistemaren bilakaeran, bai Euskadiko gasifikazioari dagokionez, bai herriarentzat estrategikoak diren proiektuetan parte hartzeari dagokionez. 

Sozietate berrirako proposatutako funtzioak eta eskumenak EEEn jasota daude sortu zenetik. Ia berrogei urte hauetan energia berriztagarrien hedapenean, energia aurrezpena eta eraginkortasunean, subiranotasun energetikoan eta deskarbonizazio prozesuan aurrera egiten lagundu du. Gainera, erakunde honek teknologia berriztagarrien garapena bultzatu du: energia eolikoa, biomasa, tenperatura baxuko geotermia, itsas energiak eta, berriki, gas berdeak (biometanoa eta hidrogeno berdea) bultzatuz. 

Eusko Jaurlaritzaren ustez, Energia Berriztagarrien Lurraldearen Arloko Plana -gaur egun prestatzen eta izapidetzen ari dena- energia berriztagarrien arloan planteatutako asmo handiko helburuak bultzatzeko eta proiektu berriztagarriak garatzeko kokalekurik egokienak definituko dituen tresna da. 

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak sozietate publiko berria errefusatu du, Lege Proposamenaren testuak planteatzen duenaren arabera, bere gain hartuko lukeelako banaketa eta merkaturatzea. Ildo horretan, azpimarratu du banaketa Estatuko esparru juridikoan araututa dagoela eta dagoeneko izendatuta dauden enpresek ematen dutela banaketa zerbitzua. Enpresa berri bat ezin da jarduera honetan sartu, aldez aurretik banaketa sarerik ez duten ingurune oso txikietan izan ezik. Merkaturatzeari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du EEEk inoiz eman ez duen jarduera dela, baina uste du mendeko enpresa batek ere ez lukeela egin behar, dagoeneko badaudelako enpresa pribatuak merkatuan lehiatzen. 

Gaur egun prestatzen ari den Euskadiko Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Legea izango da berotegi efektuko gasen isurketan neutraltasuna lortzeko esparru juridikoa ezartzen duena. Gainera, lege onartzen denean, energiaren eta klima aldaketaren arloan erakundeen arteko koordinaziorako mekanismoak eta organoak sortuko ditu.