Eusko Jaurlaritzak Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko Kontseilua arautzen duen dekretua onartu du (Gobernu Bilera 2021-10-26)

Argitalpen-data: 

fotoconsejo.jpg

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko Kontseiluaren osaera, antolaketa, funtzionamendua eta eginkizunak arautzen dituen dekretua. 

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak zehazten du Kontseilu hau sortzearen beharra euskal administrazio publikoen diziplina anitzeko partaidetza-organo nagusi bezala. Legeak Euskal Kultura Ondarearen Erakunde arteko Organoa sortzea ere aurreikusten du eta joan den urriaren 5ean onartu zen organo hori arautzen duen dekretua ere.

Eusko Jaurlaritzako kultura ondarean eskumena duen sailari atxikitako Kontseilua izango da eta barruan EAEko erakundeetako langile kualifikatuak eta kultura-ondarearen arloan diharduten sektore profesionaleko teknikariak, espezialistak edo ordezkariak bilduko ditu.

Honako hauek izango dira Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluaren zereginak:

  • Euskal administrazio publikoei kultura-ondarearen alorrean aholku ematea.
  • Babes berezia eta ertaina duten kultura-ondasunen deklarazio-proposamenen gaineko txostenak ematea Eusko Jaurlaritzari.
  • Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean aurreikusitako txostenak egitea.

Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseiluko burua Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailburuordea izango da eta gainontzeko beste kideak Eusko Jaurlaritzako, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundietako ordezkariak, hirigintza arloko adituak, EHUko kultura ondarean aditua den pertsona bat, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko beste kide bat, arkeologian aditu bat eta kultura ondarearen arloan lan egiten duten teknikari, espezialista eta elkarteetako ordezkariak izango dira.

Euskal Kultura Ondarearen EAEko kontseilua gutxienez urtean behin bilduko da.