Eusko Jaurlaritzak euskal kultur ondare immateriala babesteko dirulaguntzak deitu ditu lehen aldiz (Gobernu Bilera 2021-7-27)

Argitalpen-data: 

fotoconsejo.jpg

Gobernu Kontseiluak 200.000 euroko partida onartu du, gaur, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan euskal kultura-ondare immateriala balioesten eta zabaltzen lagunduko duten proiektuak garatzeko. Proiektuetan, berez dagokion ondare materiala ere sartuko da.

XXI. mendeak erronka berriak ekarri dizkio kostalde, bailara eta mendietan urteetan zehar jasotako ondare kultural inmaterialari. Alde batetik, gizartearen digitalizazioa ohiturak, erabilerak eta horien pertzepzioa errotik aldatzen ari da. Bestalde, globalizazioak paradigma-aldaketak ekarri ditu bizitzarako eta sozializaziorako, interesgune eta lan-jarduera berriak sortu ditu, eta, gainera, inoiz ezagutu ez diren migrazio-prozesuak eragin ditu. Ondorioz, arbasoengandik jasotako ohiturak, jakintzak eta bizimoduak azkar ahaztu eta gal daitezke. Horregatik deitzen ditu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak diru-laguntza hauek euskal kultur ondare immateriala babesteko.

Euskal kultura-ondarea osatzen duen ondasun immateriala gutxienez kategoria hauetan sailkatu ahal da: kulturaren ahozko tradizioak eta adierazpideak; hizkuntza barne, kultura-ondare immaterialaren hedatzailea den aldetik, eta toponimia; bertsolaritza; musika; dantza; emanaldi tradizionalak eta oroitzapenezkoak; usadio sozialak; gastronomia; kirola; jai-ekitaldiak; naturarekin eta unibertsoarekin lotutako ezagutzak eta usadioak; eskulangintzari eta industriari buruzko teknikak.

Hala, deialdi honen bidez diruz lagunduko diren jarduerak honako hauek izango dira.

  • Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-adierazpen immaterialen ikerketa-, dokumentazio-, erregistro- eta inbentario-proiektuak, baldin eta Ondare Zuzendaritzak lehenago egin ez baditu.
  • Interesa duten edozein kultura-ondasun ez-materialen egoeraren analisia eta diagnostikoa egitea, ondasun horiek jarraitu eta sustatzen lagunduko duten jarduera-proposamenak eta lehentasunak barne.
  • Kultura-ondasun immaterialak kudeatzeko eta zaintzeko planak egiteko aurretiko azterlanak.
  • Euskal Kultura Ondare immaterialaren edozein adierazpenen transmisioa sustatzen laguntzen duten proiektuak, haren jarraipena errazten badute.
  • Ondare immaterialaren ezagutza zabaltzen eta hobetzen laguntzen duen edozein jarduera, hala nola biltzarrak, erakusketak, topaketak, argitalpenak, tailerrak eta abar, baita hezkuntzaren esparruan ere.
  • Ondare immateriala eta haren komunitate eramaileak zaintzen eta babesten laguntzen duten beste jarduera batzuk.

Proiektu bakoitzak gehienez 30.000 euroko dirulaguntza jasoko du, eta eskabideak hilabeteko epean aurkeztu ahal izango dira, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.