Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko irisgarritasun estrategia garatzeko ekintza plan berria onartu du  (Gobernu Bilera 2021-2-11)

fotoconsejo.jpg

2021-11-02

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko Irisgarritasun Estrategia garatzeko Ekintza Plan berria. Planaren neurrien artean, legegintzaldi honetan EAEn Irisgarritasunaren Behatoki berria sortzea dago. Behatoki horretan, pertsona guztiek ingurune, produktu, zerbitzu eta informazioetara iristeko eta horiek erabiltzeko duten eskubidea modu aske eta autonomoan gauzatzeko neurrien bilakaera aztertuko da. 

Behatokiak irudi erreal bat lortzeko lan egingo du, Euskal Autonomia Erkidegoko irisgarritasunaren egoera aztertu eta egin beharreko hobekuntzak identifikatu ahal izateko. Planak berak neurri zehatzak ezartzen ditu Eusko Jaurlaritzak 2020an onartutako Irisgarritasun Unibertsalaren EAEko Estrategia praktikan jartzeko. Horrek aldaketa eragin du orain arte egindako bidean; izan ere, irisgarritasun-kontzeptu berri bat garatzen du, hiri-espazioetako eta eraikin publikoetako oztopoak ezabatzeari hainbeste garrantzia emango ez diona, eta fokua produktuen, lantokien, zerbitzuen, etxebizitzen eta komunikazio digitalaren diseinua bezalako ingurune ez-fisikoetara ere zabalduko duena. Horrek jarduketa-esparru desberdinak hartzen ditu, hala nola aisia, osasuna, kultura, justizia, turismoa edo garraioak.

Planak ezartzen du erakunde publikoek lau urteko programa bat izango dutela kanpoko espazioak, eraikinak, azpiegiturak eta zerbitzuak irisgarri egiteko, eta gauza bera egitera gonbidatzen ditu erakunde pribatuak. Halaber, irisgarritasunaren arloan prestakuntza sustatzeko beharra identifikatzen du, hezkuntza-ziklo guztietan —eta jakintza-adar guztietan, teknologikoenetatik hasi eta sozialenetaraino— irisgarritasun unibertsalari eta aniztasunaren kudeaketari buruzko edukiak bilduz, edukiaren eta espazio fisiko eta digitalen sorkuntza eta diseinua barne hartuta.

Besteak beste, gaur onartutako ibilbide-orri honek hauteskunde-prozesuak aztertzeko beharra planteatzen du, zehazki hauteslekuak eta hauteskunde-txartelak, irisgarritasunaren ikuspegitik. Era berean, produktu edo zerbitzu irisgarrien sorrera bultzatzeko ekimen-multzo baten alde egiten du, bai funts pribatuekin lankidetzan arituz, bai berrikuntzako programa publikoetan ildo espezifikoak indartuz, besteak beste, irisgarritasuna sustatzeko irtenbide teknologikoak bultzatuko dituen gizarte- eta enpresa-sarea eraikitzearen alde eginez.

Neurri guztien helburua planak ezarritako printzipioak betetzea da: aukera-berdintasuna, bizimodu independentea bermatzea, pertsona guztientzako diseinua sustatzea, zeharkakotasuna, eragile guztien inplikazioa, gizarteratzea eta normalizazioa eta elkarrizketa zibila.