Eusko Jaurlaritzak Euskadiren eta Japoniaren arteko harreman ekonomiko eta enpresarialak sendotu ditu

2021-01-26

Eusko Jaurlaritzak eta Japoniako Spain Nissho eta Sacho Kai enpresa-elkarteek topaketa telematikoa izan dute, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak antolatuta, Euskadiren eta Japoniaren arteko ekonomia- eta enpresa-harremanak sendotzeko.

Topaketan, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, Miryam Larroulet Kanpo Harremanetarako zuzendariak eta Ainhoa Ondarzabal, Spri Taldeko Euskal Nazioartekotze Agentziaren zuzendariak parte hartu dute.

Tapia sailburuak azaldu du bileran aztertu dela nola sendotu Euskadiren eta Japoniaren arteko ekonomia- eta enpresa-harremanak. Izan ere, harremana sendotu egin zen, nabarmen, 2018an eta 2019an, bi hitzarmen sinatu zirenean: bat, energiaren eremuarekin zerikusia duena, Fukushimako prefekturarekin, eta bestea, fabrikazio aurreratuarekin zerikusia duena, MIEko prefekturarekin.

Japonia lehentasunezko merkatua da Euskadiko industriaren sektore estrategikoetarako, Tapiak esan duenez, “zehazki, trantsizioekin zerikusia dutenentzat, besteak beste: sektore soziosanitarioa, energiarena eta jasangarritasunarena eta automobilgintzarena.  Bizi-itxaropen handiena duen herrialdea da; beraz, aukera bat da hirugarren adinarentzako, osasun digitalerako, zahartze aktiborako eta gaixotasun kronikoen kontrolerako produktu eta zerbitzuak sartzeko. Bestalde, farmazia-industria indartsua da, gure enpresen bezero izan daitezkeenak, eta terapia genikoko produktuak, saiakuntza klinikoetan espezializatutako zerbitzuak, farmazia-tratamenduei lotutako diagnostikoa eta abar dituzte”.

Tapiak gogorarazi du gure automobilgintza-enpresek beti jarri izan dutela arreta OEM eta TIER1 nipondarrean eta korearrean, eta, orain, ibilgailuaren elektrifikazioa dela eta, bezero gisa jarraitu eta lortu beharreko eragile izaten jarraitzen dutela.

Gainera, Japoniak eguzki-energiaren eta offshore haize-energiaren aldeko apustua egiten du, bai eta hidrogenoaren aldekoa ere, non, dagoeneko, MOU bat baitugu; ezarritako helburuak betetzeko energia berriztagarrietan $US100 bilioneko inbertsioa beharko dela kalkulatzen da. Eta, makina-erremintan: Japonia erreferentziazko merkatua da sektorean; maila teknologiko altua (bereziki automatizazioan) eta heldua du, kontsumo-bolumen handikoa, inportazio-bolumen baxukoa eta esportazio-bolumen altukoa. Makina-erreminta oso teknologikoaren eta kalitatekoaren eskatzailea da. Euskadiko fabrikatzaileek ez dute arrakastarik izan merkatu horretan, kasu puntualen batean izan ezik, teknologia oso bereziarekin eta bereiziarekin.

Tapia sailburuak nabarmendu du Japonia funtsezko bazkidea dela Euskadirentzat, teknologian eta berrikuntzan erreferentea baita, kontuan hartuta Euskadik interesa duela hartan presentzia izateko eta haren garapenerako eta lehiakortasunaren hobekuntzarako lehiatzeko.

Baina Euskadiko merkataritzak Japonian presentzia txikia du. Gaur egun, Euskadiko 70 enpresak dute esportazio-jarduera Japoniarekin. Euskadiko 8 enpresa daude bertan finkatuta, eta Japoniako 20 enpresa daude Euskadin finkatuta.

Merkataritza-harremanez gainera, Eusko Jaurlaritza lanean ari da erakunde-harremanak sendotzeko, Kanpo Harremanetarako Idazkaritzaren eta BTIren Bulegoaren bidez. Helburua ahaleginak batu eta koordinatzea da, dimentsio estrategiko handiko proiektu orok beharko duen harremana areagotzeko; proiektu bat ere ezingo du eragile bakarrak sustatu.

“Ondorioz, erakunde-eragileen artean eta enpresa handi eta txikien artean eta tokiko eta kanpoko partner-ekin jardun beharko dugu elkarlanean”. Eta Tapiak amaitzeko esan duenez, “Beharrezkoak izango diren osagai guztiak ondo finkatu eta lotu beharko ditugu.

Eta proiektu bakoitza behar duen abiaduraren eta tenpoen arabera egingo dugu”.