Eusko Jaurlaritzak Euskadi Next 2021-2026 programan planteatutako eraldaketa ekonomikoa aurkeztu du CEPREDE elkartearen seihileko batzarrean

Jordi Campàsen mintzaldiaren une bat foro honetan

2021-05-27

Ekonomiako eta Europako Funtsetako sailburuorde Jordi Campasek Aurreikuspen Ekonomikoko Zentroa (CEPREDE) elkartearen seihileko batzarrean hartu du parte gaur, Euskadi Next 2021-2026 programaren eguneratzearen —Eusko Jaurlaritzak joan den astean onartu zuen— ildo nagusiak aurkezteko. Bertan, eraldaketa ekonomikoaren aldeko apustu garbia egiten da, baita Euskal Autonomia Erkidegoak Berreskurapen eta Erresilientzia Mekanismotik —MRR— datozen Europako Funtsen erabileran dituen sendotasunak sustatzearen aldekoa ere, eskualdeko bederatzi PERTE proiekturen bidez.

Europako Funtsen banaketa” izenburuarekin, Campasek ikerketa ekonomikoko zentro honetan eman duen hitzaldia eguneratze hori partekatzeko baliatu du. Eguneratze hori aurtengo lehen hilabeteetan ezagutu diren eta funtsen kudeaketarekin eta Europan, Espainian eta Euskal Autonomia Erkidegoan egingo den haien gobernantzarekin lotuta dauden gaien ondorio da.

Foro honetan, bide telematikoz emandako hitzaldi batean, sailburuordeak azpimarratu du Euskadi Next programan jasotako proiektuek 18.286 milioi euroko inbertsioa ekar lezaketela guztira, Europako funtsen eta baliabide propio publiko eta pribatuen artean.

Campasek azaldu duenez, une honetan zaila da MRRaren eragin zehatza kuantifikatzea, "ezinezkoa baita proiektu bakoitzak zenbat lortuko duen jakitea"; izan ere, "Estatuko laguntzen" irizpideen araberakoa izango da. Hala ere, hurbilketa-ariketa bat egin du, inbertsio osoaren batez besteko gisa % 35 hartuta (Estatuko laguntzen irizpideak diruz lagundu beharreko jardueraren araberakoak dira), Espainiak jasoko dituen 70.000 milioi eurotatik 6.400 milioi euro ingururi buruz hitz egiten egon gaitezke. “Dokumentuan jasotako proiektu guztiak ukigarriak eta gauzatzeko modukoak dira Europak ezarritako denbora-esparruan”, azpimarratu du.

Egoera horrek suposatzen duen erronka kudeatzeko orduan, Eusko Jaurlaritzak esku-hartze piramidalen egitura bat planteatzen du Euskadi Next programan. Bertan, euskal proiektuak lau mailatan banatzen dira, "Espainiak ahal du" Planarekin eta Europaren jarraibideekin bat egin ahal izateko. Hori guztia, eraldaketa susperraldi-palanka gisa erabiltzeko premisarekin.

Jordi Campasek lau maila horietako bakoitzean aurreikusitako proiektuak aipatu ditu bere hitzaldian. Alde batetik, Estatuko PERTE proiektuak daude. Orain arte identifikatutako Estatuko PERTE proiektuekin lotura argia duten Euskadi Next programan aurreikusitako guztizko inbertsioak 5.085 milioi eurokoak dira, eta proposatutako 6 PERTE proiektuetatik 5etan sartzen dira. Bestalde, Euskadi Next programak eskualdeko 9 PERTE proiektu planteatzen ditu. Bertan, 6.400 milioi euroko inbertsioa duten proiektuak barne hartzen dituzte.

Euskadi Next programa egituratzeko balio duen piramide-formako egitura horren azken bi mailetan dirulaguntzen eta lizitazio publikoen deialdiak daude. Horiek MRRaren zati garrantzitsu bat bideratzeko balioko dute. Puntu horretan, Campasek funtsen exekuzioa arintzeak suposatzen duen erronka azpimarratu du. "Hori lortzeko, araudian eta kudeaketa publikoko prozeduretan eta tresnetan dauden oztopoak eta botila-lepoak aztertu behar dira, kontrol-betebeharrak murriztu gabe", azpimarratu du foro honetan.