Eusko Jaurlaritzak Euskadi 2030 ZTBP berria aurkeztu dio kidego diplomatikoari. Euskadi berrikuntzan aurreratuen dauden Europako eskualdeen artean kokatu nahi du

2021-03-25

  • Topaketan Australia, Belgika, Txile, Kolonbia, Koreako Errepublika, Estatu Batuak, Finlandia, Frantzia, Italia, Japonia, Mexiko, Suedia, Norvegia, Herbehereak eta Suitzako enbaxadetako ordezkariek hartu dute parte 

Eusko Jaurlaritzak eta zenbait enbaxadatako ordezkariek Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak antolatutako topaketa telematikoa izan dute gaur, EUSKADI 2030 – ZTBP 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plan berria aurkezteko.

Topaketa bideokonferentziaz egin da, eta honako hauek hartu dute parte: Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, Cristina Uriarte Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisiodunak, Myriam Larroulet Kanpo Harremanetarako zuzendariak, bai eta Australia, Belgika, Txile, Kolonbia, Koreako Errepublika, Estatu Batuak, Finlandia, Frantzia, Italia, Japonia, Mexiko, Suedia, Norvegia, Herbehereak eta Suitzako enbaxadetako ordezkariek ere. 

Gaur egindakoa Eusko Jaurlaritzak Madrilen duen Ordezkaritzan azken urteotan Eusko Jaurlaritzako arduradunen eta kidego diplomatikoko ordezkarien artean egiten ari diren topaketen ohiko egutegiaren parte da, Euskadiko plan eta ekimen estrategikoak ezagutzera emateko. Pandemia dela eta, bigarren aldiz bideokonferentzia bidez egin behar izan da. 

Oraingo honetan, kidego diplomatikoko kideek Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen plan honen zutabe estrategikoak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute. Plan horrek 18.600 milioi euroko inbertsioak aurreikusten ditu datozen 10 urteetan, eta Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa da I+G+B laguntzeko urteko aurrekontuak % 6 handitzea. 

2030erako ZTBP Euskadik ikerketaren eta berrikuntzaren alde egiten duen apustu estrategikoa da. Epe luzeko apustua zientzia, teknologia eta berrikuntza sustatzeko, Euskadi digital, berde eta inklusiborako trantsizioa bizkortuko duten palanka gisa.