Eusko Jaurlaritzak etxebizitza hutsen dekretua onartu du, hutsik dagoen bizitegi-parkea mobilizatzeko eta etxebizitzaren funtzio soziala ziurtatzeko (Gobernu Bilera 2021-6-8)

c_gobierno_lehendakaritza8-6-2021_usual-8158.jpg

2021-06-08

Gobernu Kontseiluak onartu egin du, Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren proposamenez, etxebizitza hutsen dekretu berria, Euskadiko Etxebizitza Legeak garatzen duena, etxebizitzaren funtzio soziala bermatzeko. Dekretuak etxebizitza bat hutsik dagoela adierazteko prozedura ezartzen du, eta aurrerantzean etxebizitza horiek alokatzeko edo erosteko mobiliza daitezen sustatzeko zer neurri hartuko diren jasotzen du, besteak beste, bizitegi hutsetarako urteko kanona.

Araudi berriak honako hau ezartzen du etxebizitza huts gisa: bizitegi-erabilerarako erabil daitekeen egunetik aurrera bi urtean etengabe hutsik dagoena.

Dekretuak etxebizitza hutsik egotea zer egoeratan dagoen justifikatuta jasotzen du: bigarren bizitegitarako etxebizitzak; lanagatik, osasunagatik, mendekotasunagatik edo gizarte-larrialdiagatik aldi baterako etxez lekualdatzeko kasuak, eta gutxienez hiru hilez merkatuko prezioetan salmentan edo alokairuan eskainitako etxeak. Era berean, salbuetsita egongo dira administrazioari alokairu babesturako lagatako pisuak; migratzaileak, desgaituak edo genero-indarkeriaren biktimak hartzeko irabazi-asmorik gabeko entitateenak, eta birgaitzen ari direnak edo gutxieneko bizigarritasun-baldintzak ez dituztenak.

Udalak izango dira etxebizitzak hutsik daudela egiaztatzeko eta ikuskaritzak egiteko –erroldaren egiaztapenak eta elektrizitatearen, uraren eta gasaren kontsumo baxuegien identifikazioa– eskumena izango dutenak, baina, subsidiarioki, Eusko Jaurlaritzak ere egin ahalko ditu. Prozedurak entzunaldi-izapidea izango du, eta, hartan, hutsik dagoen etxebizitzaren aitorpena eten ahalko da, baldin eta hutsik egoteko baimenduta dagoen kasuren batean dagoela frogatzen bada, etxebizitza alokairu sozialeko programa publikoetan sartzen bada –besteak beste, Bizigune– edo bizitegia salmentan edo alokairuan merkatuko prezioetan jartzen bada.

Urteko kanona

Etxebizitza hutsik dagoela adierazten den kasuetan, udalak urteko kanona ezarriko du. Hura, urtean, 10 eurokoa izango da etxebizitzaren metro koadro bakoitzeko; kopuru hori % 10 areagotuko da hutsik dagoen urte bakoitzeko –hirukoiztu ahalko da, gehienez, hasierako zenbatekoa–. Aparteko kanon fiskala da, eta udalek bildu eta mantendu beharko dute denboran, harik eta hutsik dagoen etxebizitzaren ebazpena errebokatu arte. Kanon finalista da, eta haren kopuruak udalerriko etxebizitza-politiketara bideratuko dira.

Nahitaezko alokairua egiaztatutako eskari eta premia duten arloetan

Dekretuak, era berean, etxebizitza huts bat alokatzera behartzeko aukera ezartzen du; neurri hori Etxebizitza Legeak jasotzen du egoera horretan dauden eta tentsio handiko eremuetan dauden bizitegietarako.  Horretarako, eremu edo udalerri horrek etxebizitzarako egiaztatutako eskaria eta premia dituelako adierazpenak egon beharko du aurretik.

Irudi horren izapidetzea hasteko, bi eskakizun bete behar dira: batetik, Etxebiden izena emanda dauden alokairuko 100 etxebizitza-eskatzaile egotea gutxienez eta haien eskariari erantzuteko parke publikoaren bidez aurreko bi urteetan aukerarik egon ezin izana, eta, bestetik, eremuan batez besteko alokairu-prezioak udalerriko batez besteko errenta baino % 10 handiagoak izatea, gutxienez. Eremu horiek Etxebizitzako sailburuaren agindu bidez jasoko dute adierazpena, udalek beraiek eskatuta edo ofizioz.

Nahitaezko alokairua etxebizitza huts gisa adierazpena jaso eta urtebetera hutsik jarraitzen duten etxebizitzetan aplikatu ahalko da, eta horrek etxebizitza, gehienez, bost urtez –beste bost urte luza daiteke– alokairu publikoan izatera behartuko du. Jabeek errenta bat jaso ahalko dute alokairuaren kontzeptuan edo, adostasunik ez badago, kalte-ordaina.

Dekretuak, halaber, muturreneko kasuetarako, nahitaezko desjabetzea ere aurreikusten du; urtebete baino gehiagoz hutsik dauden etxebizitzetan aplikatuko da, soilik etxebizitzaren eskaria dagoen eremuetan eta desjabetzea egokia bada haren erabilerarako. Desjabetzea ere eman ahal da bizitegi hori aurri-arriskuan dagoenean eta kontserbazio-araudiak betetzen ez dituenean, pertsonentzako segurtasunik eza eraginez. Kasu horietan, birgaitzea eta irabazi-asmorik gabeko elkarteen esku jartzea lehenetsiko da.

Etxebizitza Hutsen Erregistroa

Etxebizitza Hutsen Erregistroa Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailean egongo da, eta etxebizitza hutsaren adierazpena dutenen segimendua egiteko balioko du. Elektronikoa izango da, eta Sailak berak eta autonomia-erkidegoko udalek eginiko adierazpenak jasoko ditu; haiek etxebizitza hutsaren adierazpenen eta errebokatzeen berri emateko betebeharra izango dute.

Etxebizitzak hutsik egoteari uzten badio, jabeek horren berri eman beharko diote administrazioari, adierazpena erreboka dezan. Bestalde, jabeak bere etxebizitza administrazioaren esku alokairu publikorako jartzen duen unean, prozedura artxibatuko da.

Etxebizitza hutsak mobilizatzeko laguntzak

Etxebizitza hutsen jabeek Etxebizitza Sailak birgaitzeetarako dituen laguntzetara jo ahalko dute, eta alokairu babesturako erabiliko direnak egokitzeko obrek lehentasuna eta beste laguntza batzuk izango dituzte. Etxebizitza hutsak dituztenek bizitegi horiek aldi baterako Eusko Jaurlaritzari lagatzeko aukera izango dute. Bizigune programaren bidez, alokairu eskuragarria eskatzen duten pertsonen esku jarriko ditu, eta jabeek hilean errenta bat jasoko dute; errenta hori, hilean, 650 euro artekoa izan daiteke. Etxebizitza, kontratuaren amaieran, emandako baldintza beretan itzuliko da. Era berean, ASAP alokairurako bitartekaritza-programan sartu ahalko dira; haren bidez, berme-sistema bat eskaintzen da, aseguru-polizen bidez, ez-ordaintzeak, kalteak eta aholkularitza juridikoa ordaintzeko. Kasu horietan, jabeek hilean 775 euro arte jaso ahalko dituzte.