Eusko Jaurlaritzak eta Ostalaritzak konpromisoa hartu dute Basque Wine sustapen-markaren babespeko Euskadiko edariak posizionatzeko

2021-09-17

  • “Gure Ostalaritzan Basque Wine” izeneko ekimena Eusko Jaurlaritzak, HAZIk eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako ostalaritza elkarteek (AHB, AEHG, SEA Hostelería eta GasteizOn) sustatutako elkarlana da. Helburua da Euskadiko edariak promozionatzea eta Basque Wine markaren pean pandemiak bereziki eragin duen bi sektoreri bulkada ematea: Euskadiko ostalaritza eta upategiak
  • Lankidetza hori Basque Wine programarekin bat egin nahi duten ostalarien atxikimenduarekin gauzatzen da, eta ostalari horiek euren establezimenduetan bezeroei Euskadin ekoizten diren edarien gama osoa eskaintzeko konpromisoa hartzen dute modu proaktiboan

Txakolin-upategiak, Arabako Errioxako upategi txikiak, sagardotegiak eta garagardogile artisauak ostalaritzako salmenten mende daude erabat, eta, ondorioz, eragin handia izan dute azken hilabeteotan, Covid-19arekin lotutako murrizketen ondorioz, salmentetan % 40-60ko beherakada izan baitute. Egoera horri aurre egiteko, Gure Ostalaritzan Basque Wine programa abiarazi da. Xedea da programara atxikitako establezimenduetan Euskadiko edariak bultzatu, kokatu eta sustatzea.

Arantxa Tapiak, Ekonomiaren Garapen, Ingurumen eta Iraunkortasun sailburuak, ekimena aurkeztu du Donostiako Alde Zaharreko Trinitate plazan, Euskadiko elkarteekin eta Basque Wine sustapen-markaren babespeko edarien ekoizleekin batera.

Tapiak azpimarratu du oso garrantzitsua dela Euskadiko ostalariak Gure Ostalaritzan Basqe Wine programara atxikitzea, eta, era berean, nabarmendu du Euskadiko edarien kalitate aitortua oso handia dela. Horrez gain, Euskadiko kontsumitzaileei dei egin die Basque Wine edariak ezagutu, aitortu eta exijitu ditzaten, ekoizpen-ekonomiari ekarpen handia egiten baitiote.

Ekitaldian, ostalaritza sektoreak eta Basque Wine produktuen ordezkariek hartu dute parte, baita Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko presidente Mikel Ubarrechenak, Eguren Ugarte upategiko Asun Egurenek eta Euskadiko ostalarien ordezkari Felix Partek ere.

Gure Ostalaritzan, Basque wine

Atxikipen-programa bat da, eta, horren bidez, nahi duten ostalaritza-establezimenduak proiektuaren parte izango dira eta bezeroei Euskadin ekoizten diren edarien gama osoa eskaintzeko konpromisoa hartzen dute. Euskadiko edariak lehentasunez posizionatzeaz gain, ostalariek konpromisoa hartu dute aretoko eta barrako langileek produktua aktiboki preskriba dezaten, baita hori gauzatzen dela kontrolatzeko konpromisoa ere.

Honako hauek dira ostalaritzaren konpromiso zehatzak:

  • Euskadiko edarien gamaren lau kategorien (Arabako Errioxa, Txakolina, Euskal Sagardoa, Basque Beer) eskaintza izatea.
  • Zerbitzu orokorrak eskatzen badira (ardo ondu bat, zuri bat, beltz bat, sagardo bat, txakolin bat…), beti eskaintzea Basque Wine markako edari bat.
  • Edarien karta izanez gero, Euskadiko edarien eskaintza lehenengo orrialdean edo lehentasunezko beste orrialde batean aurkeztea.
  • Jendaurreko euskarrietan Basque Wine eskaintza adieraztea.
  • Onartzea konpromisoak berekin dakarrela aurreko konpromisoak egoki betetzen direla kontrolatzen duten arduradunek (Mistery Shoppers) bisita egin ahal izatea.

Preskripzio-lan hori egin ahal izateko, Eusko Jaurlaritza-HAZIk saldu beharreko edariei buruzko prestakuntza pertsonalizatua eskainiko du aurretiaz adostutako salmenta-argudioak garatuz. Hori zehaztuko aretoko langileen edo zerbitzarien preskrikpzio aktiboan bai eta merkataritza-arloko beste gai batzutan ere. Prestakuntza horrek honako hauek artzen ditu barne: bideo-konferentzia bidezko prestakuntza-ikastaroen eskaintza garatzea; prestakuntza-pilulak sortzea, salmenta-uneaz eta preskripzio aktiboaz hitz egiteko eta kontsumitzaileak ardoa aukeratzean izaten duen portaerari buruzko datuak emateko; eta karta bat sortzeari, joera berriei, urtabe berriei, uztartzeei eta abarri buruzko zalantzak argitzeko "sommelierra zure eskura" zerbitzua eratzea. (astean 6 zerbitzu-ordu).

Gaur gaurkoz, 265 establezimendu atxiki dira ekimenera. Proiektuan parte hartu nahi duten taberna eta jatetxeek Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako ostalaritza elkarteetara (AHB, AEHG, SEA Hostelería eta GasteizOn) edo HAZIra jo beharko dute.

Basque Wine

Basque Wine Eusko Jaurlaritzak eta edarien ekoizleek bultzatutako taldeko sustapen-marka bat da, eta xede du euskal upategietako produktuak posizionatzea, Basque Wine Office erakundearen koordinazio eta finantzaketapean.

Marka horrek tokiko, estatuko eta nazioarteko mailan bereizi eta aitortzen ditu Euskadiko edariak (Arabako Errioxako ardoa, Txakolina JDB , Euskal Sagardoa JDB eta artisau-garagardoak). Basque Winek bere osotasunean erakusten du Euskadiko edarien aniztasuna eta aberastasuna, eta areagotu egiten du edari horien ospea.