Eusko Jaurlaritzak eta Euskalitek hizkuntzen kudeaketarako praktika onen inguruko tresna berri bat aurkeztu dute Bilbon egindako jardunaldi batean

Argitalpen-data: 

IMG_3313.jpg

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eta Euskalit Kudeaketa aurreraturako erakundeak hizkuntzen kudeaketa praktiken bilatzaile berria aurkeztu dute gaur Bilboko Euskalduna Jauregian antolatutako jardunaldian. Helburua hizkuntzen kudeaketaren inguruko praktika onak identifikatzea eta zabaltzea da. Webgune berriak hizkuntzen kudeaketan aurreratuak diren 30 erakunderen 40 praktika baino gehiago jaso dira. Hizkuntzen kudeaketa estrategia orokorrean integratzeko praktikak, langileen euskararen erabilera areagotzeko dinamikak, hornitzaileen kudeaketa egiteko tresnak edota bezeroen zerbitzu-hizkuntza bermatzeko irizpideak eta mekanismoak bildu dira bilatzailean, besteak beste. 

Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek eman dio hasiera Euskalduna Jauregian egin den jardunaldiari. Bertan Dobaranek hizkuntzen kudeaketa aurreratuaren garrantzia nabarmendu du eta adierazi duenez, “enpresetan ere euskarak lekua izan behar du baina hizkuntza bakoitza non, nola eta zertarako erabiliko duen erabaki behar du erakunde bakoitzak. Hausnarketa horretan euskarak bere lekua izan behar du, bere marka eta irudia nortasunarekin eta bertakoarekin lotuko dituelako, gizartearekiko duen erantzukizuna erakutsiko duelako, euskal gazteen talentua erakarriko duelako, hurbileko bezeroei kalitatezko zerbitzua eskainiko dielako, langileen arteko kohesioa hobetuko duelako… eta balio erantsi horrek lehiakortasunean eta jasangarritasunean eragingo duelako”. 

Jardunaldian guztira erakunde pribatu eta publikoetako ia 450  lagunek parte hartu dute. 60 inguru Euskalduna Jauregian bertan izan dira eta beste 390 inguruk streaming bidez jarraitu dute topaketa. Gainera, lau erakunde desberdinek hizkuntzen kudeaketaren inguruan martxan jarritako praktika onak bertatik bertara ezagutu ahal izan dira: Cikautxo, Osatek, Fagor Arrasate Kooperatiba Elkartea eta Emakunde. 

Praktika onen bilatzailea Euskaliten web gunean dago eta praktikak eskuragarri egongo dira erakunde guztientzat, sarbidea librea izango da.