Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek lankidetza-bide egonkorra ezarri dute Euskadi Next programarako

2021-06-10

  • Plan horri buruzko hurrengo informazio-saiorako deia egingo zaie EAEko udalei, Europako funtsak abian jartzearekin batera

Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek Euskadi Next 2021-2026 Programa garatzeko informazio- eta lankidetza-bide bat ezarri dute. Ekimena, gaur, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburua eta EUDELen ordezkaritzaren artean, Gorka Urtaran elkarteburua buru dela, izandako bileraren ostean dator.

Bilera honek EUDELen Batzorde Eragileak egindako eskaerari erantzuten dio, zeinak, Europako funtsen egoera zein den jakiteko eta Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 18an onartu zuen Euskadi Next Programaren eguneraketa ezagutzeko nahia agertu zuen. EUDELen aldetik, Nagore Alkorta (EUDELeko elkarteburuordea eta Azpeitiko alkatea), Jose Antonio Santano (EUDELeko elkarteburuordea eta Irungo alkatea) eta Mar Zabala (EUDELeko zuzendaria) ere izan dira bileran. Ekonomia eta Ogasun Sailaren aldetik, Jordi Campas (Europako Ekonomia eta Funtsen sailburuordea) eta Yurdana Burgoa (Kabineteko zuzendaria) ere izan dira.

Bi erakundeek azpimarratu dute udalen funtsezko ekarpena Europako Funtsak Euskadi suspertzeko eta eraldatzeko tresna izan daitezen; hain zuzen, pertsonak eta haien beharrak proiektu eta plan estrategikoen erdigunean jartzeko.

Gainera, bat etorri dira biak komunikazio-bide egonkor bat ezarri beharrarekin, horrek erraztuko lukeelako funts horietara sartzeko deialdiak aktibatzen direnean udalak prest egotea. Sailak lehen eskuko informazioa izango du, EUDELek euskal udal guztiei helarazi nahi diena, Europako Funtsei buruzko komunikazio-zerbitzuaren bidez. Zerbitzu hori martxotik dago indarrean.

Funtsak udaletan gauzatzea

Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek azpimarratu dute erronka dela funts horien gauzapena arintzea. Horrek eskatuko du, araudian eta kudeaketa publikoko prozeduretan eta tresnetan dauden oztopoak zein itoguneak berrikustea, beti ere, kontrol-betebeharrak murriztu gabe.

Bi erakundeek adostu dute datozen egunetan informazio-saio bat (webinarra) antolatzea, MRRaren aktibazio-erritmoen arabera, udal-arduradunei Funtsak martxan jarri direla jakinarazteko. Informazioa udalek Europako finantzaketa eskuratu ahal izateko dituzten bide espezifikoetan zentratuko da, bai eta funts horiek garaiz eta behar bezala gauzatzeko administrazio-mekanismoetan ere.

Aurretiazko informazio horrek udalei lagunduko die beren inbertsioak planifikatzen eta banakako eta lankidetzako proiektu zehatzetan egituratzen, etorkizuneko norgehiagoka-deialdietarako. Maila anitzeko lankidetza funtsezkoa da estrategia partekatu eta lerrokatu bat finkatzeko, Euskadira funtsak hornitzeko kanalean "ihesak" saihesteko. Funtsen ehuneko handiena lortu eta gauzatu nahi da, inbertsioen errentagarritasun handienarekin.

Transferentziak toki-erakundeei

2021ean aurrekontuetan jasotako Superraldirako eta Erresilientziarako Mekanismoko 24.198 M€-tik, 1.483 M€ toki-erakundeei transferituko zaizkie, kudea ditzaten. Hori hala gertatuko da, esaterako, eraikin publikoak birgaitzeko eremuan. Eraikin Publikoak Birgaitzea Bultzatzeko Programaren esparruan abiarazitako intereseko adierazpena toki-erakundeei zabalik zegoen. Hala, plan horri esleitutako 1.080M€-en zati bat toki-erakundeetarako izango da. Gauza bera gertatuko da etxebizitzak eta bizitegi-inguruneak birgaitzeko programara bideratutako 2.420M€-ekin.

Toki-erakundeek zuzenean kudea dezaketenaz gainera, autonomia-erkidegoek kudeatuko dituzten 10.793M€-en zati bat toki-erakundeetara bideratuko da:
• dela udalerrietako zuzeneko esku-hartzeen bidez, URAren inbertsioen kasua udalerrietan
• dela zenbait programaren bidez, besteak beste: Opengela, auzo kalteberen biziberritze integralerako
• dela administrazio publikoen artean politika publikoak zabaltzeko dagoen eskumenen banaketaren bidez
Azkenik, Estatuko gobernuko ministerioek argitaratutako 23 intereseko adierazpenetatik, toki-erakundeek 8tan aurkez zitzaketen proiektuak.

Batzuetan, intereseko adierazpen horiek deialdi publikoak ekarriko dituzte, norgehiagoka-araubidean, eta Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia-erkidegoek eta foru-aldundiek deitu ahal izango dituzte. Horien onuradunak toki-erakundeak izan ahalko dira.

Honako hau da toki-erakundeen proiektuetara zabalik egon diren intereseko adierazpenen zerrenda:
1. Udaletarako intereseko adierazpenak: mugikortasun jasangarria, segurua eta konektatua hiriguneetan eta ingurune metropolitarretan
2. Eraikin Publikoak Birgaitzea Bultzatzeko Programa
3. Auzo mailan birgaitzeko jarduketa-programa
4. Autonomia-erkidegoei eta toki-erakundeei zuzendutako intereseko adierazpena, eraldaketa digitalerako eta administrazio publikoen modernizaziorako jarduketak zehazteko
5. Erronka demografikoa eta despopulazioaren aurkako borroka
6. Mugikortasun elektrikoa: parke mugikorra berritzeko eta elektrifikatzeko azpiegitura
7. Tokiko energia-komunitateak
8. Helmugako jasangarritasun turistikoko lurralde-planak. Epea ekainaren 15etik uztailaren 5era dago zabalik.

Madriletik toki-erakundeetarako kudeatutako deialdien adibide gisa Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren merkataritzako Estatuko Idazkaritzaren honako hauek ditugu:

• Merkatu jasangarrien programetarako laguntza-lerroak
• Landa-guneetan merkataritza-jarduera sustatzeko laguntza-lerroak
• Turismo-guneetan merkataritza-jarduera sendotzeko laguntza-lerroak
• Merkataritza modernizatzeko programa baterako laguntza-lerroak: funts teknologikoa