Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek laguntza emango diete udalei, efizientzia eta hobekuntza energetikoko planak abiarazteko

Tapia_Urtaran_argazkia.jpg

2021-05-26

  • Gaur goizean webinar bat egin da, EEEren 10 milioi euroko lehen laguntza-programari buruzkoa. Helburua udal-eraikin eta zerbitzuen egoeraren aurretiazko diagnostikoa egitea da, 2023ra bitartean Jasangarritasun Energetikoari buruzko Legeari egokitzeko.
  • Dirulaguntza horien osagarri, 90 milioiko kreditu-lerro bat egongo da, hobekuntza-planak eta proiektuak finantzatzeko. Lankidetza-formula biak Gauzatu Energia ekimenaren barrukoak dira.
  • EUDELek eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak elkarrekin lan egiten jarraituko dute, EAEko udalerrientzako eragina duten proiektuetan. Elkarlan horrek babesa emango dio udal-mailan kontsumoa gutxitzearen eta herritarrentzako energia garbiagoa, seguruagoa eta eskuragarriagoa izatearen aldeko konpromisoari.

2021eko maiatzaren 26an. EUDELeko eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko ordezkariek martxoan egindako bileraren ondoren, bi erakundeek beren elkarlana zabaldu dute, komunikazio-bide egonkor bat eta finantziazio-tresnak ahalbidetzeko, horien bitartez udalek aukera izan dezaten Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Legetik eratorritako konpromisoak betetzeko, eta, aldi berean, rol aktiboa joka dezaten suspertze eta eraldatze sozial eta ekonomikoan.

Legeari egokitzea udalen erronkarik handienetako bat da agintaldi honetan. 2030ean “energia garbiaren” adierazleak erdiesteko politika eta zerbitzu berriak udalerrietan garatu behar dira, behetik goranzko eraldaketa eginda. Eskumen berriek inbertsio-ahalegin nabarmena egin beharra ekarriko diete udalei. Horregatik, EUDELen eta Sailaren arteko aliantzaren lehen lorpena izan zen arauak berak toki-erakundeei laguntzeko tresna finantzarioa ezartzea.

Finantziazio-tresna hori Gauzatu Energia programa da, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan 100 milioi euroko partida duen ekimena. Gauzatuk bi jarduera-ildo ditu:

  • Lehenbizikoa EEEren laguntza-programa da, 10 milioi eurokoa, tokiko azterketak eta ikuskapenak egin, eta, horien bitartez, udalerrietako “energia-osasunaren” aurretiazko diagnostikoa lortzeko. Laguntzak 2021eko maiatzaren 19an jarri ziren indarrean, eta hala jarraituko dute aurreikusitako zuzkidura agortu arte, edo, gehienez ere, 2023ko ekainaren 30era arte.
  • Bigarren formula abiarazteko dago oraindik. Finantziazio-lerro bat da, “0” interesekoa, Finantzen Euskal Institutuak kudeatua, udalen ikuskapenetan aurreikusten diren ekintzen inbertsioak ordaintzeko; inbertsio horiek efizientzia eta energia garbiaren kontsumoa hobetzeko helburua izango dute.

Udalerriekiko lankidetzaren esparruaz, Arantxa Tapia sailburuak honakoa azaltzen du: “Europari begira gaudela, Europako Itun Berdea geure egin nahi izan dugu, geure Basque Green Deal-a diseinatu. Eredu propioa, geure beharretara egokitua, baina Europar Batasunaren orientabide eta lehentasunekin lerrokatua. Eredu bat, zeinak aukera emango digun hurrengo hamarkadetan gure ongizate sozial eta ekonomikoa eta ingurumen-ongizatea bermatuko duten konpromisoak eta ekimenak sustatzen jarraitzeko”. Sailburuaren esanetan, “eraldaketak handira eta txikira jokatuz lantzen dira, udal-eremua ezinbestekoa da herritarrekiko harremanean, eta, horregatik, tokikotik ere lantzen ditugu eraldaketa hori egiten lagundu dezaketen tresna berriak”.

Bestalde, EUDELen elkarteburuak eskerrak ematen dizkio Sailari Eusko Jaurlaritzak emandako laguntzagatik, udalak Jasangarritasun Energetikoari buruzko Legera egokitu daitezen. Gorka Urtaranek azaltzen duenez, “Euskal udalok eredu izan nahi dugu eta eraginkorragoak izateko konpromisoa berresten dugu, eraikin publikoetako energia-kontsumoa ahalik eta gehien murriztuz”. “Udalok funtsezko eragileak gara klima aldaketa eta trantsizio energetikoaren Euskadiko estrategian. Behetik gora eraldatzearen alde gaude”, azpimarratzen du elkarteburuak. “Bide onean gaude, erakunde arteko lan bateratu eta koordinatuaren bidean, eta lerrokatuta gaude Energiaren euskal Legearen ibilbide-orriarekin, eta, nazioartean, Green Deal eta 2030 Agendarekin”, gaineratzen du.

Tokiko ikuskapenak egiteko laguntzei buruzko webinarra

Lehen urrats gisa, gaur goizean udalerrietako ordezkariei deitu zaie EUDELek eta Energiaren Euskal Erakundeak elkarrekin antolatutako saio telematikora, joan den maiatzaren 19an indarrean jarri zen toki-erakundeentzako dirulaguntza-deialdiaz jarduteko.

Zuzeneko laguntza horiek, 10 milioi eurokoak, udal-instalazio eta -eraikinetan azterketak eta ikuskapenak egitera bideratuko dira. Bai efizientzia energetikoari eta baliabideen kontsumoa murrizteari dagokienez, bai sorkuntza-sistema berriztagarriak ezartzeari dagokionez ere.

Saioaren buru izan dira Industria sailburuordea, Javier Zarraonandia, eta EUDELeko elkarteburua, Gorka Urtaran, eta esku hartu dute tartean dauden EEEren bi ataletako arduradunek: Laguntzak eta Eraldaketa Digitala, eta Jasangarritasuna Administrazioan.

EEEren ordezkariek azpimarratu dute garrantzitsua dela toki-erakunde bakoitzaren aurretiazko “argazkia” egitea, gero, datu horietatik abiatuta, etorkizuneko planak eta hobekuntza-proiektuak bideratu ahal izateko. Azaldu dutenez, aurretiazko azterketa- eta analisi-lan hori udalerrien energia-fakturan eragin nabarmena duten zenbait arlotan egiten da. Arlo horiek, a priori, hobekuntza-tarte handia dute Jasangarritasunari buruzko Legea betetzeko.

Hain zuzen ere, udalei jakinarazi zaie berariazko laguntza jaso ahal izango dutela honako elementu hauetarako:

  • Kaleko argiteria publikoaren energia-ikuskapenak.
  • Eraikinen eta energia-instalazioen energia-ikuskapenak.
  • Energia-jasangarritasuneko jarduera-planak, 4/2019 Legearen esparruan.
  • Hiriko mugikortasun jasangarriko planak.

·Bideragarritasun-azterketak eta energia-jasangarritasuneko proiektuak egitea