Eusko Jaurlaritzak eta EH Bilduk akordioa lortu dute EAJ-PNV eta PSE-EE-ren gehiengo parlamentarioa handitzeko eta Euskadiko 2022ko aurrekontuak hobetzeko

2021-12-01

Pedro Azpiazu, Ekonomia eta Ogasun Sailburuak, eta Maddalen Iriarte, EH Bilduko bozeramaileak, akordio bat sinatu dute 2022ko Euskadiko Aurrekontuen onarpenean legebiltzarraren gehiengoa handitzeko. Bertan, abenduaren 23ko bozketan abstentzioa aurreikusten da. Azken egunetako negoziazioaren ondoren, 176M/€-ko neurriak eta EH Bilduk proposatutako sei neurri politikoetatik hiru itxi dira; I+G+Bri buruzko akordio politikoa 77M €-koa da.

Bi negoziazio-taldeak buru-belarri aritu dira lanean azken asteotan, Euskal gizartean eragin positiboa izango duen akordio bat lortzeko, hainbat esparrutan akordio zabalak behar diren une honetan, eta, horrela, herritarren benetako beharrei ematen zaien erantzuna hobetuko da.

KONPROMISO POLITIKOAK

 1) LANA ETA ENPLEGUA:

  • Eusko Jaurlaritzak, enpleguko eta elkarrizketa sozialeko esparru guztietan, hitzarmen kolektiboetan LGS bat defendatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko batez besteko errentarekiko proportzionala izango dena.

 2) ETXEBIZITZA:

  • Zerga Koordinaziorako Organoaren esparruan alokairuko prezioei eusteko balizko zerga-neurriei buruzko txosten bat egiteko konpromisoari kalterik egin gabe, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartzen du alokairu pribatuaren prezioak arautzeari buruzko etorkizuneko estatu-araudiak aukera ematen duenean alokairu pribatuaren prezioak kontrolatzeko sistema bat abian jartzeko, Eusko Legebiltzarrak horri buruz hartutako erabakiekin bat etorriz, eta EH Bildu legebiltzar-taldeari arlo horretan har daitezkeen erabakien berri emango dio aldez aurretik.
  • Zerga Koordinaziorako Organoaren esparruan, alokairu-prezioei eusteko balizko zerga-neurriei buruzko txosten bat egitea proposatzea (pizgarrien eta zerga-zigorren bidez). Txosten horretan, gainera, egungo zerga-pizgarrien azterketa eta ebaluazioa jasoko dira. Txosten horren emaitzak Zerga Koordinaziorako Organoari berari helaraziko zaizkio, kontuan har ditzan.

 3) I+G+B

  • Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartzen du politika publiko horietara bideratutako aurrekontu-ehunekoari eusteko eta % 12a handitzeko (2022ko ekitaldian, %10a) legegintzaldiaren gainerako zatian, gomendatutako BPGd-aren %3a ahalik eta lasterren lortzeko (saiakera bidez hurrengo legegintzaldia amaitu baino lehen -2028-). Jaurlaritzaren Gobernu Programan urteko %6 igotzeko konpromisoa agertzen da, eta akordio horrekin %12ra iritsiko da, hau da, 77M€-ko kuantifikazioa. I+G+Bko inbertsioen guztizko hazkundeak, Jaurlaritzaren konpromisoa eta akordio honen emaitzak batuta, 149,5M€-ko irismena du guztira.

 KONPROMISO EKONOMIKOAK

 1) OSASUNA:

Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartzen du 30M€ gehitzeko Osakidetzan, 2022ko ekitaldian eta hurrengoetan Lehen Mailako Arretako Estrategia ezartzen jarraitzeko, aurrez aurreko kontsultak bermatzeko behar diren antolamendu-aldaketak eginez.

Era berean, Etengabeko Arretako Guneen jarraitutasuna eta egituraketa, lurraldekatzea, ordutegi egokiak eta abar aztertzeko konpromisoa hartzen du. Gainera, konpromisoa hartzen da gaur egun Osasun Eskola programan dauden batzordeetan osasun publikoaren arloko kanpoko agente adierazgarriak sartzeko.

 2) KLIMA LARRIALDIA:

-2021eko azken hiruhilekoan Euskadiko toki-erakundeentzako Jasangarritasun Energetikoaren Funtsa aktibatuz 90M€. Gainera, deialdia handituko da etorkizuneko ekitaldietarako 10M€rekin.

-Efizientzia, autokontsumoa eta komunitate energetikoak diruz laguntzera bideratutako aurrekontu-zuzkidura 20M€.

 3) ONGIZATE ENERGETIKOA:

-Gizarte-larrialdietarako laguntzetara bideratutako aurrekontu-zuzkidura 4M€ handitzea, elektrizitate-, gas- edo etxeko erabilerarako beste erregai-hornidura mota baten ondoriozko energia-gastuetarako urteko gehieneko zenbatekoa handituz.

 4) POLITIKA SOZIALA:

-Eusko Jaurlaritzak 20M€ euroko aurrekontu-zuzkidura ezartzeko konpromisoa hartzen du (10M€ 2022an eta 10M€ 2023an), kolektiboen gizarte-bazterkeria eta gizarte-inklusioa lortzeko proiektuak bultzatzeko. Gutxienez 8M€ bideratuko dira “Etxerik Gabeko Pertsonentzako Euskal Estrategian” jasotako jarduera-ildoak ekonomikoki garatzeko (4M€ 2022an eta 4M€ 2023an).

 5) GAZTERIA:

Eusko Jaurlaritzak 2M€-rekin indartuko ditu gazte-politikekin zerikusia duten jarduera-ildoak, batez ere gazteen emantzipazioarekin zerikusia dutenak, eta udalentzako laguntzen ildoa, aurrekontu orokorretan jasota dauden tokiko gazteen emantzipazioko diagnostikoak eta planak egin ditzaten.

 AKORDIOA ZENBAKITAN

AKORDIOA EUSKO JAURLARITZA_EH BILDU M€

OSASUNA

30

KLIMA LARRIALDIA

120

ONGIZATE ENERGETIKOA

4

POLITIKA SOZIALA

20

GAZTERIA

2

I+G+B

77

 

253