Eusko Jaurlaritzak eta Durangoko Udalak, trenbidea lurperatzearen ondorioz libre geratutako lursailetarako proiektu bideragarri berrirako aurreakordioa lortu dute

2021-12-17

  • Erabilgarri dauden 60.000 metro karratuetako eraikinen tipologia aldatu egingo da, eraikigarritasunaren jaitsiera beste partzela batzuekin konpentsatzearen truke
  • Bi aldeek, herritarrak gogobeteko dituen oreka aurkitzeko ahalegina nabarmendu dute

 

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Durangoko Udalak, trenbidea lurperatzearen ondorioz libre geratutako lursailetarako aurreakordioa lortu dute. Bi aldeen artean hainbat bilera egin ostean, bi erakundeak bat etorri dira esatean korapilatuta zegoen arazo bati soluzioa bilatzea izan dela helburu nagusia, eta euren ustez herritarrak asebetetzen dituen oreka aurkitu dutela.

Lortutako aurreakordioak eremuaren eraikigarritasuna heren bat inguru murrizten du, eraiki beharreko eraikinen tipologia (eraikinen kokapena, altuerak, etab.) elkarrekin definitzeko konpromisoarekin. Jaitsiera hori toki-administrazioak konpentsatuko du, Udalaren jabetzako Babes Ofizialeko Etxebizitzetako eta Babes tasatuko Etxebizitzeko zenbait partzela lagata. Horietan, Eusko Jaurlaritzak Etxebizitza Publikorako Plan bat garatuko du.

Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, uko egiten dio lurpeko merkataritza-galeriaren bigarren fasea eraikitzeari, bai eta hasiera batean lurperatzearen eremuan aurreikusitako ekipamenduetarako eraikinari ere, hura diseinatu zen uneari zegozkion inguruabarrak eta beharrak aldatu egin direlako. Agertoki horri esker, ahalik eta berdegune gehien egokitu ahal izango da trenbideak libre utzitako lurretan. Bestalde, Udalak Eguzkitzako industrialdearen etorkizuneko garapenean ekipamenduetarako lursail bat utziko dio Eusko Jaurlaritzari.

Modu berean, Udalak Eusko Jaurlaritzari lagako dio San Agustin komentuaren eta Pinondo Etxearen jabetza, birgaitzeko eta eraikin horietan beharra duten kolektiboentzako zuzkidura-bizitokiak eraikitzeko.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak eta Durangoko Udalak erabaki dutenez, trenbide zaharren trazadura osoa Durangoko Udalaren jabetzakoa izango da eta berak izango du urbanizatzeko ardura.

Bi aldeak bat datoz esatean aurreakordioak, alde batetik libre geratutako lursailak urbanizatzeko proiektua aldatzeko udalak duen asmoari erantzun egiten diola, eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzak herritarren borondateari erantzuteko duen asmoari, Durangon trenbidea lurperatzeko egindako inbertsioaren ondoren herritarren ondare-eskubideak kaltetu barik.

Orain, bi erakundeak hirigintza arloko kudeaketa-sistema adosten ari dira. Funtsean, BBPB-PERIa alda daitekeen edo beste bat onartu behar den erabaki beharko da.