Eusko Jaurlaritzak eta ArcelorMittalek akordioa lortu dute enpresak Zumarragan duen eta jarduerarik ez duen lantegiaren lursailak salerosteko

Arcelor_Zumarraga_exterior_2.jpg

2021-09-01

  • Jarduera ekonomikoaren esparruak berreskuratzeko eta lurzoru berriaren artifizializazioa minimizatzeko Eusko Jaurlaritzak, Sprilurren bidez, indartuko duen berroneratze-politikaren baitan egin da operazioa

Eusko Jaurlaritzak, Sprilurren bidez, eta ArcelorMittal enpresak hasierako akordio bat lortu dute enpresak Urola Garaian duen eta 2016tik jarduerarik ez duen lantegiaren lursailen zati bat Jaurlaritzak erosteko.

Zumarragako 15 hektareako eremu bat da, bertan, alde batetik, ijezketa-trenak zeuden eta, bestetik, orain arte txatarra biltegia izan dena, eta azken hori beste leku batean kokatuko da. Salerosketaren prezio adostua zazpi milioi eurokoa da, tasazio-baliotik kendu ondoren bai lurzoruen ingurumen-pasiboaren berezko kostuaren estimazioa (deskontaminazio-lanak, kasu honetan erosleak hartu ditu bere gain) bai garai bateko lantegiaren azpitik doan ibaiaren ibilguaren zati bat aire zabalera ateratzeko Administrazioak bere gain hartuko duen jarduketa.

Eusko Jaurlaritzak berroneratze-politikaren esparruan egin du operazioa, eta, lortu den akordioaren arabera, Administrazioak bere gain hartuko du lurzoruaren deskontaminazioa, kontuan hartuta, gainera, bertan garatuko den jarduera ez dela jatorrizkoaren ezaugarri berekoa izango. Eremu degradatu bat berroneratzeko jarduketa bat da, eta Sprilurren misioa gero eta gehiago izango denaren baitan egingo da.

Horrez gainera, aurrera begira bertan jarduera ekonomiko bat garatzeko aukera bat izateaz gainera, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak ingurumen-jarduera bikoitza ahalbidetuko du: lurzoruaren deskontaminazioa eta ibaiaren zati bat aire zabalera ateratzeko jarduketa, URA agentziak bere gain hartuko duena.

Salerosketa-akordio formala irailean egitea aurreikusten da. Aurreikuspenen arabera, 2021eko urritik aurrera aktibatuko litzateke instalazioak desegiteko prozesua, bertan dauden eraikinak eraisteko dagokion tramitazioa barne dela, bai eta lurzorua deskontaminatzeko esku hartzea eta ibaia aire zabalera ateratzeko jarduketa ere.