Eusko Jaurlaritzak errepideetako alkohol- eta droga-kontrolak indartuko ditu abuztuan

Argitalpen-data: 

DSC_0348.JPG
  • Positibo ematea oso arau-hauste larritzat jotzen da; 500 eta 1.000 € arteko zehapena ekarriko du eta 6 puntura arte kendu ahal izango dira

Ertzaintzak, udaltzaingoekin elkarlanean, gidariei zuzendutako prebentziozko alkohol- eta droga-kontrolak indartuko ditu hilabete honetan, zehazki, abuztuaren 2tik 8ra bitartean eta 14tik 29ra bitartean.

Bide Segurtasunari buruzko Legeak eta Zirkulazio Araudi Orokorrak jasotzen duten moduan, agintaritzak edo agintaritzaren agenteek prebentziozko alkoholemia-kontrol bat egitea eskatzen badiote gidari bati, gidari horrek nahitaez bete beharko du kontrola. Uko egiten badio, bide-segurtasunaren aurkako delitua egotzi ahal izango zaio.

Sonia Diaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren iritziz: “Prebentziozko kontrol horien helburua da gidatzean eragina duten substantziak hartu dituzten pertsonek euskal bide-saretik ez zirkulatzea eta istripurik ez eragitea. Gidatzeak gure arreta osoa eskatzen duen jarduera da. Hartara, errepideak erabiltzen ditugun guztion erantzukizuna da arauak errespetatzea eta zuhurtziaz gidatzea.”

Alkoholemia-kontrola

Alkoholemia-kontroletan, airea botatzea eskatzen duten bi proba egiten dira, eta proba batetik bestera gutxienez 10 minutu utzi behar dira.

Errore-tarteak aplikatu beharko dira:

  • Botatako airean 0,25 miligramo alkohol baino gutxiago agertzen bada (0,15 miligramo gidari profesionalentzat eta gidabaimenarekin 2 urte baino gutxiagoko antzinatasuna dutenentzat), gidariak bere ibilbidearekin jarraitu ahal izango du.
  • Botatako airean 0,25 (edo 0,15) miligramo alkohol baino gehiago eta 0,60 baino gutxiago agertzen bada, gidariak arau-hauste administratiboa egingo du. 0,60 baino gehiago agertzen bada, berriz, bide-segurtasunaren aurkako delitutzat joko da.
  • Agenteek alkohola edan izanaren zantzu nabariak antzematen badituzte, eta gidatzeko garaian eragina badu, gidariari bide-segurtasunaren aurkako delitua egotziko zaio,  alkoholaren eraginpean gidatzeagatik.

Probaren emaitza positiboa bada, berriro egin ahal izango da proba —interesdunak eskatuta edo epaileak aginduta—, emaitzak alderatze aldera. Osasun-langileek egingo dute bigarren proba hori eta, ahal dela, odol-analisiaren bidez (behar bezala justifikatutako salbuespenezko kasuetan izan ezik).

Proba egiteari uko egiten bazaio edo proba positiboa bada, ibilgailua ibilgetuko da, salbu eta beste pertsona batek gida badezake ibilgailua, betiere beste pertsona horri proba egin eta negatiboa eman ondoren.

Proban emaitza positiboa emanez gero, arau-hauste administratibo oso larritzat joko da, eta 500 euroko zehapena ezarriko da. Gainera, emaitza 0,50 mg/l-koa edo txikiagoa bada, 4 puntu kenduko dira; eta 0,50 mg/l-koa baino handiagoa bada eta 0,60 mg/l-koa edo txikiagoa bada, 1.000 euroko zehapena jarriko da eta 6 puntu kenduko dira.

Droga-kontrola

Droga-kontrolaren prozedura antzekoa da, baina zenbait berezitasun ditu. Proba egiteko listu-lagin bat erabiltzen da, eta gailu baimendu batean aztertzen da lagina. Probaren emaitza positiboa bada, laborategiko analisi batean berretsi beharko da positibo hori.

Positiboa berresten bada, oso arau-hauste larritzat joko da, 1.000 euroko zehapena ezarriko da eta 6 puntu kenduko dira.

Medikuaren aginduz botikak hartu badira, Trafikoko Lurralde Bulegoaren salaketaren eta laborategiko emaitzaren jakinarazpena jaso, eta 20 egun naturaleko epea izango da alegazioak aurkezteko.

Kontrol horiek urte osoan trafikoa eta garraioa zaindu eta kontrolatzeko programatutako 46 kanpainetako egutegiaren parte dira.