Eusko Jaurlaritzak Elkarrekin Podemos alderdiaren proposamenak jaso ditu 72 M euroko proposamenenekin eta Osasun , Hezkuntza, Ingurumen, Etxebizitza eta enpleguarloko konpromisoekin

2021-11-19

 

Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Pedro Azpiazuk koalizioak planteatutako proposamenak modu zehatzean jasotzen dituen alternatiba bat proposatu dio Elkarrekin Podemosi, 72 M euroko eskaintzarekin, Eusko Jaurlaritzaren kontuei babesa eman ahal izateko. Neurri horiek Elkarrekin Podemosek bere planteamenduan sartutako politikak barne hartzen dituzte, hala nola Osakidetza indartzea; aho-hortzen osasuna; osasun mentala; emisioak kontrolatzera edo ekonomia zirkularrera bideratutako ekintzetarako enpresentzako dirulaguntzak; inbertsioak ikastetxeetan; 0-3 urteko matrikuletan hobariak; Lanbiden mentoring programak bultzatzea; langabeentzako nitxo ekonomiko berrietan prestakuntza; Lan Ikuskaritzako plaza berriak; gizarteratzea; energia-gastuetarako gizarte-laguntzak; gazteen emantzipazioa; zaintza-eredu berrietarako trantsizio-politika; berdintasuna; migratzaileak eta errefuxiatuak; alokairu soziala; eta euskara ikastea bultzatzea.

Gainera, bileran, Jasangarritasun Energetikoaren Funtsaren 90 M euroak 2021ean EAEko udalentzat aktibatzeko konpromisoa planteatu da.

Zehazki, Eusko Jaurlaritzak honako hau eskaini du:

1) OSASUNA:

  • Osakidetzarako 30 M euro gehiago, 2022tik aurrera Lehen Mailako Arretako Estrategia ezartzen jarraitzeko eta antolamendu-aldaketak egiteko, eta era horretan aurrez aurreko kontsultak bermatzeko eta osasun-zentroetan itxaron-zerrendak murrizteko.
  • Osasun Ministerioarekin lankidetzan aritzea aho-hortzen osasun-zerbitzuak handitzeko eta diruz hornitzeko, lehentasunezko kolektiboentzat onartzen denean: 0-6 urte bitarteko adingabeak, haurdun dauden emakumeak, desgaitasuna duten pertsonak eta prozesu onkologikoetan dauden pertsonak.
  • 2022an, osasun mentalaren esparruko aurrekontu-gehikuntzekin jarraitzea eta baliabide berriak irekitzea, hala nola Galdakao-Usansoloko Ospitaleko nerabeentzako Eguneko Ospitale Psikiatrikoa, zeinak talde-formatuko asistentzia emango baitie adikzioak eta elikadura-nahasmenduak dituzten 14 eta 17 urte bitarteko pazienteei. 2022an, osasun mentalera bideratutako aurrekontua 153 M eurokoa izango da.

 

2) INGURUMENA:

- 2 M euroko gehikuntza (1 M euro 2022an eta 1 M euro 2023an), partikula barreiatuen emisioak kontrolatzeko sistemetan inbertsioak egiteko enpresei dirulaguntzak emateko, airearen kalitatearen teknologia digitaletan eta sentsorikoetan eta hondakinak balorizatzeko instalazio berrietan oinarrituta.

- 6 M euro (urtean 2 M euro 2022-2024) gaitzea eko-berrikuntzako proiektuen bidez soluzio eta garapen teknologikoak sustatzeko, baita azpiegituretan egin beharreko inbertsioak ere, era horretan, isurketa minimizatzeko eta lur arraroen eta gai kritikoen zirkularitatea sustatzeko, ekoizpen-katean hondakinen (Litioa eta Neodimioa) balorizazio-prozesuetatik lortutako material kritikoak eransteko aukera emanez.

Bileran, EH Bilduren eskaintza berdintzeko planteamendua azaldu da, EAEko udalentzako Jasangarritasun Energetikoaren Funtsaren 90 M euroak aktibatzeari dagokionez.

3) HEZKUNTZA:

- Ikastetxe publikoetako patioak estaltzeko Hezkuntza Sailaren inbertsio-plana 8 M eurotan handitzea (4 M euro 2022an eta 4 M euro 2023an).

- Matrikulen kuotak % 15 murriztea 0-3 urte bitarteko hezkuntzan (1 M euro)

4) ENPLEGUA:

- Lanbidek langabeen enplegu-nitxo berrietan trebatzeko eta gaitasunak eskuratzeko ematen dituen laguntzen deialdia 2 M euro handitzea.

 - 2 M euroko dirulaguntzen beste lerro bat, Lehen Aukera programetan “mentoringera” eta administrazioetan gazteen enplegua sustatzera bideratua, txanda-kontratua sustatzearekin lotuta, erretiroengatik ezagutzak gal ez daitezen.

- 4 plaza gehiago Laneko Ikuskatzailetzan (350.000 euro)

5) GIZARTE-POLITIKAK ETA GAZTERIA:

- 11,4 M euro (5,7 M euro 2022an eta 5,7 M  euro 2023an) bideratzea bazterkeria-arriskuan dauden kolektiboen eta pertsonen gizarteratzea lortzeko proiektuak bultzatzeko.

- Gizarte Larrialdietarako Laguntzak 2 M euro handitzea, energia, gas edo etxean erabiltzeko bestelako erregaien gastuetarako urteko gehieneko zenbatekoa areagotuz.

- 800.000 euro, EAEko udalek gazteen emantzipazioari buruzko diagnostikoak eta planak egiteko.

- 500.000 euro gehitzea Zahartzeari eta Longebitateari buruzko Mugaz Gaindiko Europako Poloa Proiektura bideratutako aurrekontua, hauskortasun- eta mendetasun-egoeran dauden adinekoak zaintzeko eredu berrietarako trantsizio-politika dinamizatzeko.

6) BERDINTASUNA ETA GIZA ESKUBIDEAK:

- 50.000 euro, aurrekontuetan genero-eraginaren ebaluazioen oinarriak ezartzen dituen gida bat egiteko.

- 400.000 euro Oñatiko Larraña Etxea migratzaile eta errefuxiatuentzako harrera-zentroaren instalazioak hobetzeko.

7) ETXEBIZITZA:

- Alokairu sozialeko parkerako etxebizitza publikoaren erosketa 5 M eurotan handitzea.

 - Etxebizitzaren Legearen erregelamendu bidezko garapena amaitzea, Etxebizitzarako Eskubide Subjektiboari buruzko Dekretua onartzeari arreta berezia jarriz, hura abian jartzeko beharrezkoak diren aurrekontu-aldaketekin.

- Zerga Koordinaziorako Organoaren esparruan, alokairu-prezioei eusteko (pizgarrien eta zerga-zigorren bidez) balizko zerga-neurriei buruzko txosten bat egiteko proposatzea. Txosten horretan, gainera, egungo zerga-pizgarrien azterketa eta ebaluazioa jasoko dira.

-Alokairu pribatuaren prezioak arautzeko Estatuko etorkizuneko araudiak ahalbidetzen duenean, eta Eusko Legebiltzarrak horri buruz hartutako erabakiekin bat etorriz, alokairu pribatuaren prezioak kontrolatzeko sistema bat abian jartzea.

8) EUSKARA:

- 500.000 euro B2 mailara arteko doakotasuna ezartzeko oro har, eta C1 mailara artekoa 16 eta 30 urte bitarteko herritarrentzat, euskara ikastea herritarrentzat zama ekonomikoa izan ez dadin.