Eusko Jaurlaritzak berriz ekingo die segurtasunez gidatzeko motor-gidarientzako ikastaroei

Argitalpen-data: 

IMG_1322.JPG
  • Ikastaroak irailaren 18an eta 19an egingo dira Arkauten, Euskadiko errepide-sarean istripuei aurrea hartzeko
  • Bihar irekiko da izena emateko epea
  • Urtea hasi zenetik, 12 pertsona hil dira motorreko istripuetan Euskadin

Eusko Jaurlaritzak kolektibo zaurgarriak babesteko politikak indartzen jarraitzen du, horien artean, motozaleena, 2021-2025eko Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorrerako Plan Estrategiko berrian jaso den bezala. Kontuan hartu behar baita, urtea hasi zenetik 11 motor-gidari eta motorreko bidaiari bat hil direla gure kale eta errepideetan (6 Gipuzkoan, 5 Bizkaian eta 1 Araban).

Era horretako istripuei aurrea hartzeko, ibilgailu-mota horren zaurgarritasunaren eta errepideetako erabiltzaileen arteko elkarbizitzaren gainean sentsibilizatzeaz gainera, garrantzizkoa da bide-segurtasunaren arloko prestakuntza. Izan ere, Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako trafikoko zuzendariaren arabera, “kasu askotan egiaztatu ahal izan dugu motozaleak hiltzen diren istripu askotan ez dagoela beste ibilgailurik inplikatuta. Alde horretatik, garrantzizkoa da motozikletak gidatzeko trebeziak sustatzea, hain zuzen ere, trebeziarik ezagatik heriotza eragin dezakeen istripurik gerta ez dadin”.    

Helburu horrekin, irailaren 18an eta 19an egingo dira motozikletak segurtasunez gidatzeko ikastaroak, eta dohainik emango dira Arkauten, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian.  Prestakuntza Jar zaitez nire gurpiletan estrategiaren baitan emango da, eta 125 cm3 -tik gorako motozikleten gidarientzat izango dira. Ikastaro horietan ibilgailua kontrolatzeko eta menderatzeko teknikak, frenatzeko moduak, hiriko eta hiriarteko trafikoan mantendu beharreko posizionamendua edo inguruabarren araberako trazadura landuko dituzte. Era berean, segurtasun pasiboko ekipamenduetako azken berrikuntzak ere erakutsiko dira, adibidez airbaga duten jantziak, motor-istripuaz izanez gero lesioak murrizteko.

Eusko Jaurlaritzak 2018an eta 2019an jarri zuen abian ekimen hau, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, Los Arcoseko zirkuituan, eta bertan egin ziren segurtasunez gidatzeko lehenengo ikastaroak. Ikastaro haietan 250 motozalek parte hartu zuten. 2020an ez zen ikastarorik egin osasun-krisiaren ondorioz, eta orain berriz egiteko ahalegin guztiak egin dira, harrera ona izaten baitute.

Parte hartzeko interesa dutenek www.trafikoa.eus webgunean eman dezakete izena uztailaren 1etik aurrera.