Eusko Jaurlaritzak adimen artifiziala sustatzeko eta garatzeko saria deitu du (Gobernu Bilera 2021-9-21)

fotoconsejo.jpg

2021-09-21

  • 180.000 euro bideratzen ditu Eusko Jaurlaritzari berari aplika dakizkiokeen proiektuak bultzatzeko 

Gobernu Kontseiluak adimen artifiziala sustatzeko eta garatzeko sarien deialdia onartu du aurten. Ekimenaren helburua da Eusko Jaurlaritzari berari aplika dakizkiokeen ekoizpen-proiektuak sustatzea, etorkizunean erabil ditzan. Sarietarako 180.000 euro banatuko dira, eta bi fasetan banatuko dira: erdia aurten eta beste erdia hurrengoan. 

Lehenengo fasean, parte hartzen duten proiektuek ideiak eta garapena deskribatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko dute. Sei proiektu aukeratuko dira eta bakoitzak 15.000 euroko saria jasoko du. Bigarren une batean, 2022an, irabazleek beren ideia modu praktikoan garatu eta gauzatu ahal izango dute, Eusko Jaurlaritzak EJIEren bidez dituen azpiegiturarekin eta zerbitzuekin bat etorriz. Hiru proiektu onenek 30.000 euroko sari bana jasoko dute. 

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak bultzatzen du deialdia onartzen duen agindua. Egoitza fiskala eta jarduera nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan duten pertsona juridikoak parte ahal izango dute deialdi honetan. Eskabideak eta gainerako agiriak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira. Dokumentazioa aurkezteko hasiera-data irailaren 24a da, hau da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta hurrengo egunean. Argitaratzen denetik hilabetera amaituko da izena emateko epea. Saridunei hilabeteko ebazpena emango zaie. 

Eusko Jaurlaritzak adimen artifizialarekin duen loturak ibilbide garrantzitsua du egina, besteak beste Itzuli itzultzaile neuronalaren eskutik. Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zuzendaritzak sustatuta, itzultzaile neuronalak duela ia bi urte ekin zion bere ibilbideari, eta, aldi horretan, kalitate handiko tresna bihurtu da eta itzulpenak egiteko oso erabilia. Milaka erabiltzaile ditu egunero eta milioika kontsulta izan ditu. Gainera, aplikazio berriekin etengabeko garapena izan du, eta erreferentzia bihurtu da hezkuntzan, osasunean, zerbitzuetan edo finantza-industrian.