Eusko Jaurlaritzak 750.000 eurorekin babestu du nekazaritza jasangarriago eta ekologikoago bateranzko trantsizioa (Gobernu Bilera 2021-11-23)

fotoconsejo.jpg

2021-11-23

  • Nekazaritza ekologiko ziurtaturako laguntzak 500.000 eurokoak dira eta gaur egun, 6.800 hektarea daude ziurtatuta
  • Halaber, animalien ongizatean aurrera egiteko laguntzak onetsi ditu, 250.000 eurokoak 

Eusko Jaurlaritzak, Euskadin nekazaritza ekologikoa babesteko politika irmoaren barruan, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantza Tapiaren Agindua onetsi du. Horren bitartez, ekoizpen ekologiko ziurtaturanzko trantsiziorako laguntzen deialdiaren oinarriak arautzen dira 2021erako.  Kontseiluaren bilera berean, oniritzia eman zaio, era berean, animalia"ongizateko ziurtagiria lortzeko laguntzen aurtengo deialdiari. 

Ekologikoranzko trantsizioa 

Guztira, 500.000 euroko zenbatekoa izango dute laguntza"lerro hauetarako: 

  • “Ekoizpen ekologikoan sartzeko gidak” sortzen laguntzea.
  • Proiektu integratzaileen bideragarritasun-azterketak egiten laguntzea.
  • Erakustaldi- eta bisita-jarduerak egiten laguntzea.
  • Eraldaketarako aholkularitza integrala.
  • Aholkularitza espezializatua.
  • Proiektu pilotuak garatzea. 

Ekoizpen ekologikoak hazkunde jarraituari eusten dio Euskadin. 2020ko datuen arabera, autonomia-erkidegoak 6.800 hektarea ditu ziurtatuta gaur-gaurkoz, eta horietako gehienak larre eta ardo-laborantzara bideratuta daude. Hau da, 2016az geroztik, ekologikoki lantzeko azalera % 56 handitu da, eta urteko % 11 hazi da batez beste. Ekoizleei dagokienez, gaur egun 658 daude erregistratuta, duela bost urte baino % 27 gehiago. 

Produktuei dagokienez, Euskadin ekologikoki lantzen dira urtero, besteak beste, sei milioi arrautza, milioi bat litro esne, 335.000 kilo haragi eta 5.200 kilo ezti. 

Elikagai ekologikoen kontsumo orokorra ere hazkunde jarraitua izaten ari da urtero, % 8 ingurukoa. Kontsumo horren erdia baino gehiago (% 55) landare-jatorriko produktuena da (nagusiki frutak, barazkiak eta zerealen eratorriak), eta gainerakoa animalia-jatorriko produktuena (arrautzak eta haragikiak). 

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egunekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. 

Ongizate-ziurtagiria 

Laguntzon xedea da animalia-ongizatea kontrolatzeko barne-prozedurak egitearen eta ezartzearen eta arduradunak trebatzearen ondoriozko gastuak finantzatzea, bai eta animalia-ongizateko WELLFAIR ziurtagiriaren berezko gastuak finantzatzea ere. 

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura finantzatuko dira osorik, eta 250.000 euroko aurrekontu-kreditua bideratuko da horretarako. 

Laguntzon onuradunak izan ahalko dira EAEn egoitza duten erakunde publiko edo pribatuak, besteak beste nekazaritza arloko kooperatibak, enpresak, taldeak edo beste erakunde asoziatibo batzuk, (nekazaritza-ustiategiak edo banakako ustiategiak dituztenak), zeinak operadore gisa jardungo duten multzokatzen dituzten ustiategien % 100ari barne-auditoria egiteko kontrol-prozedurak ezartzean, baldin eta helburu hauek badituzte: txerri, hegazti errule, landa oilo, ardi-esne eta behi-esnearen azpisektoreetako animalia-jatorriko elikagaiak ekoiztea eta/edo merkaturatzea. 

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egunekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.