Eusko Jaurlaritzak 50.000 euroko laguntza eman dio ACNUR-i, Marokon muturreko kalteberatasun-egoeran dauden errefuxiatu adingabe eta asilo-eskatzaileetara bideratzeko (Gobernu Bilera 2021-11-16)

fotoconsejo.jpg

2021-11-16

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak 50.000 euro bideratu ditu nazioarteko larrialdi-egoera batera. Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Komisarioak (ACNUR) laguntza eskatu du, Marokon kalteberatasun-egoeran dauden eta COVID-19ak eragindako mundu-mailako pandemiaren testuinguruaren ondorioz egoera larriagoan dauden nazioarteko babes-eskatzaileei babesa eta laguntza emateko.

ACNURen datuen arabera, Maroko migratzaile eta errefuxiatuen helmugako herrialde bilakatzen ari da, eta ez hainbeste iragateko gune. Azken urteotan, pertsonen helduera % 400 handitu da.

Marokon, nazioarteko babesa duten 8.000 pertsona baino gehiago bizi dira, eta 5.000 asilo-eskatzaile baino gehiago. Errefuxiatu gehienak Siriatik, Ekuatore Gineatik eta Kamerundik datoz. % 23 5 eta 17 urte bitarteko adingabeak dira, eta 400 muturreko kalteberatasun-egoeran daude. Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo Zuzendaritzaren laguntzaren bidez, ACNURek 400 adingabe errefuxiatu eta asilo-eskatzaile horiei –nagusiki Casablanca eta Rabat hirietan daude finkatuta– elikagaietara eta aisia- eta kirol-zerbitzuetara jotzeko aukera emango die, bai eta desgaitasunen bat duten adingabeentzako asistentzia espezializatua ere.