Eusko Jaurlaritzak 410.000 euroko dirulaguntza onartu du gazteen artean euskararen erabilera sustatzea helburu duten IKUSIKA udalekuak antolatzeko (Gobernu Bilera 2021-7-20)

Argitalpen-data: 

fotoconsejo.jpg

Gaurko Gobernu Kontseiluak 410.000 euroko dirulaguntza zuzena onartu du Urtxintxa Aisialdiko Eskola Gipuzkoa Elkartearentzat IKUSIKA 2021 udalekuak antolatzeko. Udalekuak Barakaldoko BEC-en egin dira uztailaren 5etik 16 ra bitartean eta herriko 5. eta 6. mailako 600 gazte inguruk parte hartu dute. Udaleku hauen helburua ikasleen artean euskararen erabilera sustatzea izan da, izan ere, COVID-19aren ondorioz gazte asko euskaratik aldendu dira. Udalekuen asmoa pandemiak gazte horien euskararen erabileran izan duen kaltea arintzea izan da. Horretarako teknologia berriak baliatuz gazteak sorkuntza digitalera hurbildu dira beti ere, euskara erabiliz. Horretarako irratigintza tailerra, edizio gelak, bideojokoak euskaraz edo eta youtuber eta dj emanaldiak izan dituzte.

Hain zuzen ere, 2020-2024 Gobernu Programan azpimarratzen denez, hizkuntza-eskubideen erabateko bermerantz aurrera egitea eta euskara gure bizitzako eremu guztietan erabili ahal izatea ahalbideratzea da Eusko Jaurlaritzaren helburuetako bat. Hori dela eta, eremu sozioekonomikoa eta lan-eremua, ingurune digitala eta aisialdia eta familia-transmisioa dira hurrengo urteetarako erronka handiak euskararen normalizazioa lortzeko. Hain zuzen ere, helburu horiekin bat egiten dute IKUSIKA 2021 udalekuek ere.