Eusko Jaurlaritzak 290.000 euroko partida onartu du euskal kultura-ondarea katalogatzeko, digitalizatzeko, kontserbatzeko eta zabaltzeko (Gobernu Bilera 2021-6-22)

Argitalpen-data: 

fotoconsejo.jpg

Euskal kultura-ondarea katalogatzeko, digitalizatzeko, kontserbatzeko eta zabaltzeko Gobernu Kontseiluak gaur onartu dituen diru-laguntzen helburua da euskal kultura-ondarearen deskribapena eta digitalizazioa sustatzea, ondoren OAI-PMH protokoloa (The Open Archives Initiative-Protocolo for Metadata Harvesting) ezarrita duten gordailuen bidez zabaltzeko. Protokolo horrek gaur egun dauden digitalizazio-proiektu nagusien arteko elkarreragingarritasun-estandarrak garatu eta sustatzen ditu, eta Interneteko edukien hedapen eraginkorra errazten du. Bai deskribapenean, bai digitalizazioan, Europeana-kultura-ondare digitalizatuaren Europako atariak estandarizatu eta finkatutako ereduen erabilera sustatzen da.

Gaur onartutako dirulaguntzek 290.000 euroko partida dute euskal funts analogikoak baliabide digital estandarizatu bihurtzeko. Diruz lagundu ahal izango dira euskal kultura-ondarea osatzen duten kultura-baliabideak katalogatzeko, digitalizatzeko edo digitalizatzeko eta katalogatzeko proiektuak, hala nola argazkiak, grabatuak, marrazkiak, ikus-entzunezko materiala, mapak, planoak, kartelak, prentsa, funts bibliografikoak eta dokumentu-funts historikoak.

Iazko deialdian 28 proiektu lagundu ziren diruz, besteak beste, Getxoko liburutegietako tokiko bibliografia-funtsa digitalizatzea, Euskal Dantzarien Biltzarreko funtsak katalogatzea eta digitalizatzea, Eresbileko dokumentu-funtseko dokumentuak digitalizatzea eta deskribatzea eta Argiako argazki-artxiboa katalogatzea.