Eusko Jaurlaritzak 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategia onartu du, politika aktiboetarako eskubide subjektiboa barne hartzen duena

2021-04-13

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, “2030 Enpleguaren Euskal Estrategia” aurkeztu duen Idoia Mendia Bigarren lehendakariordeak eta Lan eta Enpleguko sailburuarekin eta koronabirusari buruzko azken datuak eman dituen Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuarekin batera. 

Idoia Mendia Bigarren lehendakariordeak eta Lan eta Enpleguko sailburuak Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, onartu duen “2030erako Enpleguaren Euskal Estrategia” aurkeztu du. Idoia Mendia lehendakariordeak azaldu du Estrategiak nahi den eredua definitzen duela: Euskadiren garapen sozial eta ekonomikoari laguntzen dion lan-merkatua, iraunkorra eta berdintasunezkoa, kalitatezko enplegu-aukerak eskaintzen dituena, gizarteratzearen eta giza garapenaren alde, hain zuzen. Zentzu honetan, gaineratu du eredu hori bost printzipiotan oinarritzen dela: Aukera-berdintasuna, Berrikuntza, Lurraldeen arteko oreka, Adostasuna eta Lankidetza, eta Gobernantza irekia.

Gainera, Lan eta Enplegu sailburuak estrategia horren gobernantzarako, erakunde-maila guztien eta enpleguan eta haren kalitatean modu batera edo bestera esku hartzen duten eragile guztien lankidetza osoaren alde agertu da. "Eusko Jaurlaritzaren barruan, sail guztien artean eta gainerako gobernuekin bat datorren ituna proposatzen dugu", adierazi du.

Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak, Gobernu Kontseiluaren akordioen berri eman aurretik, gogorarazi du 90 urte beteko direla bihar 31ko II. Errepublika abiarazi zela. Sailburuak azpimarratu du Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdien ustez, Eusko Alderdi Jeltzaleak eta Euskadiko Alderdi Sozialista – Euskadiko Ezkerrak, Errepublikaren garaiko aurrerapenak ahalbideratu zituztenei eta diktadura garaian askatasunaren itxaropenari eusten jakin zuten pertsonei egin diezaiekeen omenaldirik zintzoena, eurek bultzatu eta babestu zituzten balio sozial eta demokratikoen alde lan egiten jarraitzea dela. Gainera, Eusko Jaurlaritzak, II. Errepublikaren 90. urteurrena eta 36ko Estatutuaren 85. urteurrena aintzat hartuz, Eusko Legebiltzarrean erabakiko diren ekimenekin bat egiteko asmoa agertu du.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Gobernu Kontseiluak ontzat eman du gaurko bileran 2021erako aurreikusita dagoen Jaurlaritzaren 2021eko Araugintza Plana. Planari esker dakigu eta jakin dezakete hiritarrek ere, Sail bakoitzak urtean zehar zein lege-aurreproiektu eta dekretu aurkeztuko dituen Gobernu Kontseiluaren onespenera. Herritarren beharrezko informazioa, lankidetza eta parte-hartzea bermatzeko xedearekin, Irekia-n, gardentasun-atarian argitaratuko da lege-proposamen eta dekretuok, guztira 155.

Bestetik, Jaurlaritzak ontzat eman du Eusko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak legebiltzar-taldeek Covid-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruz Legebiltzarrean aurkeztu duten lege-proiektua. Bozeramaileak adierazi du, Jaurlaritzaren ustez ekimenak beharrezkotzat jotzen duela lege-proposamena Legebiltzarraren Erregelamenduaren 103. artikuluan aurreikusitako presako prozeduraren bitartez izapidetzea, are gehiago, maiatzaren 9an, indarrean dagoen Alarmaren Estatuak luzapenik ez izatea gerta litekeenean.

Horrez gain, Gobernu Kontseiluak "FINKATZE KAPITALA FINKATUZ, S.A." sozietate publikoa sortzeko baimena eman dio Finantzen Euskal Institutuari (FEI). Sozietate publiko berriaren fundazio-kapitala 160M eurokoa da eta bere helburu soziala, Euskadiko enpresa handietan epe luzeko finantza-partaidetzak eskuratzea, besterentzea eta kudeatzea, enpresa hauek Euskadin jarrai dezaten eta bertako produkzio-arlo estrategikoetan trakzio-izaera eta indarra izan dezaten.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak bultzatutako ekimenen artean, Gobernu Kontseiluak 652.000 euroko laguntzak onartu ditu EMET21 programan, COVID19ren krisiaren ondoren jarduera turistikoa berreskuratzen eta berrabiarazten laguntzeko.

Gainera, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak jakitera eman du, Gobernu Kontseiluak “EAEko Administrazio Orokorraren eta hari atxikitako Sektore Publikoaren Hizkuntza Irizpideak” onartu dituela. Horrela, Eusko Jaurlaritzak sustatu eta erraztu nahi du euskararen erabilera bai administrazio barneko jardueretan, baita kanpokoetan ere. Azken batean, Zupiria sailburuaren hitzetan, EAEko herritar guztiek dute euskara eta gaztelania jakiteko eta erabiltzeko eskubidea, eta botere publikoei dagokie eskubide horiek errespetatzea eta betetzen direla bermatzea.

OSASUNA

Bestalde,  Osasun sailburuak koronabirusak Euskadin  duen eraginari buruzko datu eguneratuak eman ditu jakitera; eta adierazi du Covid-19ren intzidentzia oso handia dela, gora egiten jarraitzen duela eta, azken egunetan, erritmo biziagoan egiten duela. Horren harira, Sagardui sailburuak prebentzio neurriak zorrozteko eskatu du, kasu positiboen gorakada eta ZIUetako pertsonen gorakada dela eta.

Txertaketari dagokionez, Osasun sailburuak azaldu duenez, 558.098 dosi eman dituzte, hau da, EAEko biztanleen ia% 18,75ek (412.658 pertsona) gutxienez lehenengo dosia jaso dute, eta % 6,69k (147.219 pertsona) lortu dute immunitate osoa. Gainera, 80 urtetik gorako pertsonen % 100i gutxienez lehen dosia eman zaiela nabarmendu du, etxetik atera ezin direlako etxera joango garenei izan ezik. "Izan ere, Euskadin txertaketa ez da gaitasun kontua, dosien eskuragarritasun kontua baizik. Beste behin frogatuta geratu dela uste dut. Joan den asteburuan 60.000 dosi inguru eman ditu Osakidetzak. Txertoak eskuragarri egoteari buruzko kontua da. Halakorik badago, administratzen jarraituko dugu ", adierazi du.

Atzo Pfizerren 70.200 dosi iritsi ziren, gaur Astrazenecaren 6.400 eta bihar Jansenen lehen 6.850.

Jasotako dosi horiekin arrisku handiko pertsonak txertatzen jarraituko da. Hau da:

  • Transplantatutako pertsonak edo transplantatuak izateko itxaron-zerrendan daudenak.
  • Giltzurrun-tratamendua duten pertsonak, hemodialisia edo peritoneo-dialisia izan.
  • Minbizia duten pertsonak
  • Immunoeskasia primarioak (GIB) dituzten pertsonak
  • Down sindromea duten 40 urteko eta gehiagoko pertsonak.

Adinaren irizpidearekin era jarraituko delarik, 79 eta 70 urte bitarteko pertsonak eta 60 eta 65 urte bitartekoak.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena