Eusko Jaurlaritzak 2021erako jarduera-plana aurkeztu dio Euskadiko Bide Segurtasun Batzordeko Osoko Bilkurari

Argitalpen-data: 

20210303_115514.jpg
  • Horrez gainera, 2020ko istripuen balantzea eta memoria ere aurkeztu ditu

Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak eta Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak 2021erako aurreikusitako ekintza-plana aurkeztu dute Euskadiko Bide Segurtasun Batzordeko Osoko Bilkuran. Horrez gainera, 2020an, Eusko Jaurlaritzaren Bide Segurtasunaren eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorraren Plan Estrategikoaren baitan, gauzatutako jardueren memoria ere aurkeztu dute.

Euskadiko Bide Segurtasun Batzordeko Osoko Bilkurak telematikoki egin du urteko bilera Bilbon dagoen Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik. Bileran izan dira udaletako eta hiru foru-aldundietako ordezkariak, bide-segurtasunaren arloko eskumenak dituzten Eusko Jaurlaritzako sailetako ordezkariak (Hezkuntza, Osasuna, Garraioa, Larrialdiak), Euskadiko Bide Segurtasuneko Fiskaltza eta mugikortasuna hobetzean inplikatutako hainbat sektore ekonomiko eta profesionaletako gizarte-eragileak.

2020ko Jarduera Memoria

Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak 2020ko istripuen balantzea aurkeztu du. Pandemiaren ondorioz mugikortasunean ezarritako murrizketak ezaugarri izan dituen urte honetan 38 pertsona hil dira trafiko-istripuetan, 2019an baino 13 gutxiago. Egin duen analisian, sailburuordeak adierazi du istripuen tasak % 28 egin duela behera eta trafiko-istripuetan hildako pertsonen % 45 kolektibo zaurgarri batekoak zirela: 9 motozale, 2 txirrindulari eta 6 oinezko. 2019arekin alderatuta, ehuneko horrek % 14 egin du behera. Trafiko-istripuetan hildako 29 pertsona gidariak ziren (9 motor-gidariak, 18 auto-gidariak edo beste ibilgailu batzuen gidariak eta 2 bizikleta-gidariak), 3 bidaiariak eta 6 oinezkoak. Generoari dagokionez, hildakoen % 90 gizonezkoak ziren eta % 10 emakumezkoak.

Bestalde, Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak azaldu duenez, “Eusko Jaurlaritzak bide-hezkuntzaren bidez sentsibilizazio- eta kontzientziazio-politikak garatzearen aldeko apustua egin du biktima-kopurua murrizteko. Horrela, kolektiborik zaurgarrienei zuzendutako ekintza espezifikoak gauzatuko ditu, 2020an trafiko-istripuetan hildako pertsonen % 45 kolektibo horietakoak baitziren”.

Honakoak dira 2020ko Memorian jaso diren beste jarduketetako batzuk: osasun-krisiak mugikortasunean duen eragina; motorrean modu seguruan zirkulatzeko dekalogoa; bide-segurtasunarekin konpromisoa hartuta duten enpresak biltzen dituen Innovabide Sarea zabaltzea; Don`t be Dummy estrategia sendotzea; eta Bilboko Iberdrola Dorretik, eta formatu erdi-presentzialean, egingo den Trafikoko Jardunaldi Profesionala.

Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako eta Iraunkorrerako 2021-2025 Plan Estrategikoa

Josu Zubiagak datozen bost urteetarako Bide Segurtasunaren eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorraren Plan Estrategiko berriaren ardatzak ere aurkeztu ditu Osoko Bilkuran. Plana lerrokaturik dago 2020an Suedian 2030erako helburu globalak ezartzeko egindako Hirugarren Biltzar Globalean bide-segurtasunaren arloan onartutako Stockholmeko Adierazpenarekin.

Segurtasuneko sailburuordeak azpimarratu duenez, Jaurlaritza “aktiboki ari da lanean Zero Biktima Ikuspenarekin, Euskadi bide-segurtasunaren eta trafikoaren kudeaketaren arloan Europan erreferente izan dadin, era horretara hildakoen eta zauritu larrien kopurua 2030erako, 2020arekiko, % 50 murrizteko helburu globalak betetzeko”.

2021eko jarduera-plana

2021erako 46 zaintza- eta kontrol-kanpaina programatu dira, 2020an baino 29 gehiago. Kanpaina horiek Ertzaintzak gauzatuko ditu udaltzaingoen laguntzaz, eta arreta berezia jarriko da Euskadiko istripu-tasan eraginik handiena duten arrisku-faktoreetako batzuetan, besteak beste, arreta-galtzeetan eta abiadura desegokian. Helburua bide-segurtasuna hobetzea, gidatzean arrisku-portaerak zuzentzea eta trafiko-istripuen biktimen kopurua murriztea da.

Poliziaren zaintza- eta kontrol-jarduerez gainera, motozaleen kolektiboari zuzendutako sentsibilizazio-ekintzak eta formakuntza-ikastaroak egingo dira, “Nire gurpiletan jar zaitez” estrategia partekatuaren esparruan; adinekoen kolektiboan harrapatzeei aurrea hartzera bideratutako programak garatuko dira; ikastetxeentzako material didaktikoak argitaratuko dira eta ikasleekin programa espezifikoak landuko dira; eta trafiko-istripuen prebentziorako jarduera-lerroak diseinatuko dira. Innovabide Sareak lan-eremuan bide-segurtasuna sustatzen jarraituko du. Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera ikerketa-proiektuak landuko dira, eta mugikortasunaren eta bide-segurtasunaren arloan esperientziak eta ezagutzak trukatzeko jardunaldiak egingo dira.

Bestalde, eta Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik, trafikoa denbora errealean hobeto eta efizientzia handiagoz kudeatzen lagunduko duten erreminta teknologikoak ezartzearen aldeko apustua egingo da.