Eusko Jaurlaritzak 105.000 euro bideratuko ditu irudi-sorkuntza bultzatzera (Gobernu Bilera 2021-2-23)

Argitalpen-data: 

fotoconsejo.jpg

Gobernu Kontseiluak 2021. ekitaldian zehar komikiak, nobela grafikoak edo irudidun liburuak sortzeko diru-laguntzak onartu ditu gaur. Azken aldian gorakada handia izan du irudi-sorkuntzaren sektoreak eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailak sektorea bultzatzeko helburuz ematen ditu laguntza hauek. Aldi berean Euskadin nobela grafikoen eta irudidun liburuen argitalpena dinamizatzeko helburua ere badu. 

Eusko Jaurlaritzak guztira 105.000 euro erabiliko ditu irudi-sorkuntzako zazpi proiektu diruz laguntzeko:   

  • 15.000 euroko lau laguntza emango dira komiki edo nobela grafiko bat argitaratzea helburu duten ilustrazio proiektuentzat.
  • 15.000 euroko beste hiru laguntza irudidun album edo liburu bat argitaratzea helburu duten ilustrazio proiektuentzat. 

Bi kasuetan diru-laguntzetako bat 30 urtetik beherako pertsona batentzat izango da eta beste bat, gutxienez, emakume batentzat. 

Irudi-sorkuntzara bideratutako laguntzak eskatu nahi dituztenek hilabeteko epea izango dute martxoaren 9tik aurrera. Ondoren balorazio batzorde batek aztertuko ditu aurkeztutako lanak. Onuradunek 12 hilabeteko epean aurkeztu beharko dituzte beraien lanak eta beste sei hilabete izango dituzte liburua argitaratzeko.