Eusko Jaurlaritzak 10 milioi euroan areagotu du 2021eko Indartu programarako partida (Gobernu Bilera 2021-11-16)

fotoconsejo.jpg

2021-11-16

  •  Deialdiaren hasieran aurreikusi ziren 12 milioi euroei gehitu zaie kopuru hori
  • 22 milioi horien bidez, ahalik eta eskabide-kopuru handienari erantzun nahi zaio
  • Indartu programaren xedea da gune behartsuetan eta langabezia-tasa handiena duten udalerrietan industria bultzatzea

Gaurko Gobernu Kontseiluak onartu du 10 milioi euro gehitzea 2021eko Indartu programa finantzatzeko hasieran aurreikusitako 12 milioi euroko kopuruari. Gastu gehigarri horren ondorioz, 22 milioi euro bideratuko dira Nerbioi ibaiaren ezkerraldean eta Oiartzualdean hobekuntza lehiakorra eta garapen ekonomikoa ekarriko dituen inbertsio produktiboa egiten duten enpresei laguntzera. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko urteko batez bestekoaren % 15etik gorako langabezia-tasa duten udalerriak ere jasotzen dira programa honetan. 

Aurtengo programarako eskabideak hartzeko epea pasa den urriaren 15ean amaitu zen. 48 eskabide jaso dira, eta aurkeztutako inbertsioa 244 milioi eurokoa izan da. Estimazioa 22 milioi euro inguruko laguntza izango litzateke. Hori dela eta, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzak gaur onartu den aurrekontu-gorakada eskatu du. Xedea da ahalik eta eskabide-kopuru handienari erantzutea. Hamar miloi euroko kopuru hori honela banatuko da: 500.000 euro, 2021ean; 4.500.000 euro, 2020an, eta 5.000.000 euro, 2023an. 

Laguntzak jaso ditzaketen enpresa eta udalerriak 

Indartu programaren laguntzak eskuratu ahal izateko, enpresek erauzteko, eraldatzeko eta ekoizteko industria-enpresa izan behar dute, eta produktu-prozesu industrialari lotutako zerbitzuetakoak. Halaber, zerbitzu logistikoetako enpresak barne hartzen dira, garraioa salbu, baldin eta laguntzaren xede diren inbertsioak Nerbioi ibaiaren ezkerraldean eta Oiartzualdean kokatzen badira, edo, nahiz eta gune behartsu gisa katalogatu ez diren, EAEko batez bestekoaren % 15etik gorako langabezia-tasa duten udalerrietan. 

Enplegua sortzen duen ekoizpen-inbertsioaren sustapena Eusko Jaurlaritzaren jarduketa orientatzen duten ardatz estrategikoetako bat da. Zentzu horretan, Indartu programak lurralde-edukiko diskriminazio positiboa ezartzen du langabezia-egoera larrienean dauden eskualde jakinen alde. Ekitaldi honetarako, COVID-19ak eragindako egoera oinarri hartuta, batez bestekotik gorako langabezia-tasa % 15ekoa izatea erabaki zen. Ehuneko horrek jarraitzen du Europar Batasuneko irizpideekin bat etorriz. 

Nerbioi ibaiaren Ezkerraldean eta Oiartzualdean laguntza horien ondorioetarako sartzen diren udalerriak honako hauek dira:

  1. Oiartzualdea (Gipuzkoa): Errenteria, Pasaia, Lezo, Oiartzun, Hondarribia, Irun eta Hernani.
  2. Nerbioi ibaia (Bizkaia): Sestao, Ortuella, Trapagaran, Abanto, Muskiz, Zierbena, Portugalete, Santurtzi, Barakaldo, Alonsotegi eta Erandio. 

Eskualde ahultzat jo ez, baina Euskal Autonomia Erkidegoaren urteko batez bestekoaren % 15etik gorako langabezia-tasa duten udalerriak (EUSTATek ezarritako azken kalkuluaren arabera) honako hauek dira: Agurain, Asparrena, Labastida, Lantziego, Lapuebla de Labarca, Laudio, Oion eta Zanbrana Araban; Atzentales, Balmaseda, Barrika, Basauri, Bermeo, Bilbo, Elantxobe, Galdames, Gueñes, Karrantza, Lanestosa, Ondarroa, Sukarrieta, Trutzioz, Urduña, Zalla eta Zaratamo Bizkaian, eta Soraluze Gipuzkoan.