Euskera Sustatzeko zuzendari Estibaliz Alkorta EuskarAbenturan: "Esperientzia hau gogoratuko duzue, eta garrantzitsuena izango da oroitzapen horiek euskaraz izango dituzuela"

Argitalpen-data: 

Euskarabentura.jpg

Laguntzaile diren erakunde publiko desberdinen bisita jaso dute gaur EuskarAbenturan. Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusia eta Agurtzane Zelaia Bidania-Goiatzeko alkatea izan dira bisita egin dutenak. Beñat Garaio EuskarAbenturako elkartekidea izan da solasaldia dinamizatu duena eta erakunde bakoitzak nola laguntzen duen azaldu duena.

Estibaliz Alkortak EuskarAbenturako gazteak euskaraz aritzera animatu ditu “esperientzia hau gogoratuko duzue, eta garrantzitsuena izango da oroitzapen horiek euskaraz izango dituzuela” adierazi du. “EuskarAbenturak egoera berri honi aurre egiten eta moldatzen jakin du, beraz zorionak eta eskerrik asko guztioi hau posible egiteagatik” gaineratu du Alkortak. 

Garbiñe Mendizabalek bestalde, EuskarAbentura nola ezagutu zuen kontatu du: "2018an egunero irakurtzen nuen espedizioaren kronikatxo bat eta ikusi nuen nola egunetik egunera etapa bat egiten zuen EuskarAbenturak, eta gazteekin aurrera eramateko proiektu bikaina irudtitu zitzaidan. Gure arbasoek ekarri ziguten euskara, gu ere saiatu gara gure lana egiten eta orain, falta da beste katebegi bat eta katebegi hori gazteok zarete”.

Aurreko espedizioetan 30 udalerritan zehar bidaiatu izan ohi dute Done Jakue bideak jarraituz EuskarAbenturan parte hartzen duten gazteek, aurten ordea, osasun egoera dela eta, 4 herritan egongo da espedizioa eta txanda bakoitza soilik bitan. 

Azkenik, Agurtzane Zelaiak, Bidania-Goiatzeko alkateak eskertu egin du EuskarAbenturaren presentzia Bidania-Goiatzen. “Arnasgune bezala katalogatuta gaude baina, babes-gune izateko lan egiten dugu”. Horrez gain gazteak animatu ditu euskaraz aritzera, esperientzia hau alaitasunez bizitzera, “gozatu, deskubritu, maitatu… baina guztia euskaraz”.