Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordeak bere jarduera osoa berreskuratu du

2021-06-29

  • Pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren, organo aholku-emaile honek 2015-2018 aldirako Euskal Zuzenbide Zibilaren egoera ebaluatzeko balantzea onartu eta bere jarduera-plana aurkeztu du.
  • Olatz Garamendi Sailburua buru duen Batzordeak balioetsi egin du organo aholku-emailearen baitan sortu zen Euskal Kasazio Zibilaren lege-proiektua
  • Lehendakariak azpimarratu du Euskal Zuzenbide Zibila Eskubide Historikoen eta foru-araubidearen parte dela eta eguneratu egin behar dela, azpimarratu du Urkullu Lehendakariak

Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordea gaur arratsaldean bildu da bere lan-eremuarekin lotutako hainbat gai jorratzeko, besteak beste, euskal kasazio zibilaren lege-proiektua. Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan aurrez aurre egindako bilerak covid-19aren murrizketek eragindako etenaren ostean bere jarduerari berriro ekiteko balio izan dio Batzordeari. Jarduera hori, batez ere, Euskal Zuzenbide Zibila bultzatzera eta garatzera bideratuta dago, eta baita Eusko Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari arlo horretan aholku ematera ere. Ekitaldian Iñigo Urkullu Lehendakariak hartu du parte eta, irekiera mezuan azpimarratu duenez, Euskal Zuzenbide Zibila "Eskubide Historikoen eta foru-araubidearen parte da, eta eguneratu egin behar da".

2017an sortu zenetik, laugarren aldia da organo aholku-emaile hau biltzen dela. Euskal zuzenbide pribatua eta zibila garatzea da foro honen xedea, eguneratzea eta sustatzea, bai eta Eusko Legebiltzarrari eta Jaurlaritzari gai horri buruzko aholkularitza ematea ere. Pandemiak behin baino gehiagotan atzeratu du bilera hau, baina Batzordeak bere jarduerari eutsi dio Batzorde Teknikoaren eta lan taldeen bitartez. Lehendakariak Euskal Zuzenbide Zibilaren balioa azpimarratu du, "Zuzenbide pribatua Zuzenbide osoaren oinarria baita, zuzenbide publikoa edo euskal erakundeei dagokiena barne".

Ildo beretik, Batzordeko presidente eta Gobernantza Publiko eta autogobernuko sailburu Olatz Garamendik organo honek lau urte hauetan egin duen lana azpimarratu du, bai antolaketari dagokionez, bai "Euskal Zuzenbide Zibila bultzatzeari dagokionez, euskal gizartearentzat eta erakundeentzat oso beharrezkoa den elementu bihurtzeraino". Garamendik aitortu duenez, Euskal Zuzenbide Zibila "herri berezi, ez hobea ez okerragoa, nortasun propioa duen herri bihurtzen gaituzten Eskubide Historikoen eta foru-erregimenaren enborreko zatia" da, eta eskerrak eman dizkie Batzordeko kideei, Euskal Zuzenbide Zibila "garatu eta zabaltzeko" egindako lanagatik.

Lehendakariak bere hitzaldian adierazi duenez, Konstituzioak foru-erregimena eguneratzea agintzen du, eta Estatutuak hura kontserbatzea, aldatzea eta garatzea agintzen du. "Horixe da euskal autogobernua eguneratzeko, erreformatzeko eta sakontzeko euskal bidearen oinarria", adierazi du Iñigo Urkulluk, gaineratuz "autogobernu gehiago eta hobea egonkortasunaren, bizikidetzaren eta ongizatearen sinonimo” dela.

Laugarren aldia da organo hau osoko bilkuran biltzen dela duela lau urte eratu zenetik, eta bileran Euskal Zuzenbide Zibilaren 2015-2018 aldiko egoera ebaluatzeko azken dokumentuak onartu eta Batzordearen aurtengo jarduera-plana aurkeztu dituzte. Euskal Kasazio Zibilaren lege-proiektua izan da bilkuran jorratutako beste alderdietako bat. Kasazio errekurtsoa justizia-auzitegietan zer kasutan jar daitekeen da ekimen honen xedea, Euskal Zuzenbide Zibilari eragiten dioten eztabaida judizialen arloan eta, beraz, goragoko auzitegi batek instantzia-auzitegiaren epaitza judiziala berrikusteko aukera eskatzera mugatzen da.

Ekimena, hain zuzen ere, Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordeak proposatu zuen bere garaian, eta, gaur egun, Legebiltzarrean izapidetzen ari da, Eusko Legebiltzarrak noiz onartuko zain. Garamendi Sailburuak Batzordeak araudia bultzatzeko egindako lana eskertu du eta "Euskal gizarteari onura asko" ekarriko dizkiola espero du. Ildo beretik, Urkulluk Batzordeak lege-proiektu honen sorreran eta, oro har, euskal foru-araubidearen eguneratzean egindako lana goraipatu du.

Organoko buru den Garamendi Sailburuarekin batera Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat erakunde eta entitate ordezkatzen dituzten hogeita hamar kide inguruk osatzen dute Batzordea. Gaurkoan honako hauek izan dira bileran: Juanjo Álvarez (Lehendakaritza), Andrés Urrutia (Zuzenbidearen Euskal Akademia), Edmundo Rodríguez (Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia), Jesús Izaguirre (Ministerio Fiskala), Mario Martínez de Butrón eta Diego María Granados (Notario Elkargoa), Juanan Arieta-Araunabeña, Leire Imaz eta Juan Carlos Llamazares (Eusko Legebiltzarra), José Miguel eta Jone Elizaran (Abokatuen Elkargoa), Jaime Tapia eta Luis Elicegui (Batzar Nagusiak), José Bas Pau (Erregistratzaileen Elkargoa), María Mercedes Marco (Prokuradoreen Elkargoa), Elixabete Piñol (Emakunde), Arantza González (Lan eta Enplegu Saila), Francisco de Borja (Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila), Sabino Torre, Jone Berriozabal eta Jon Urbina (Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila), eta Xabier Unanue, Batzordeko idazkaria.