Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren % 81ek uste du turismoa bere bizitzako elementu positiboa dela

percepcion_sociedad_vasca_V02_TWT_ES.jpg

2021-07-01

  • Inkestatutako pertsonen % 65ek adierazi du uda honetan bidaiatzeko asmoa duela. Gehiengoak Espainia izango du helmugatzat, eta bidaiatzen dutenen erdiek astebeteko desplazamenduak egingo dituzte

  • Herritarren gehiengoaren iritziz, turismoa politika publikoen bidez bultzatu behar da, ekonomia garatzeko ahalmena duelako

Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabinetea, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren lankidetzaz, azterketa bat egin du Euskadiko herritarren arteko turismoari buruzko iritziaren eta bidaiatzeko ohituren eta uda honetarako bidaia-asmoen inguruan.

Azterketa horretan, agerian geratu da inkestatutako gehienek jada erabaki egin dutela uda honetan oporretan bidaiatzea, eta gehienean Espainia barneko helmugak izango dituztela. Bada, % 65ek uste du oso edo nahiko litekeela dela uda honetan haiek bidaiaren bat egitea, eta ehuneko hori igo egiten da pertsona gazteen artean. Espainia iparraldeko erkidegoak dira % 14ren helmuga gogokoenak, eta % 54k baieztatu du estatuko gainerako helmugetara bidaiatuko duela. Helmuga horiek hautatzeko orduan, kostaldeko turismoa (% 57) eta naturako  jarduerak (28%) nagusitu dira, eta % 25ek “city-break” direlako hirietako turismoa hautatu du.

Euskadi barneko bidaietan, euskal kostaldeak eta paseatzeko edo jarduerak egiteko naturguneak erakartzen dituzte herritarrak gehien (% 72 eta % 67, hurrenez hurren) ; atzetik daude artea eta ondarea (% 56), eta gastronomia (% 55). Inkestatutako pertsonen iritziz, turismo-erakargune nagusiak kostaldeko tokiak edo udalerriak dira (% 62), baita Donostia ere (% 36), eta naturgune nabarmen batzuk (% 27).

Uda honetan egingo diren bidaia gehienak astebetekoak izango dira (% 46), edo aste bikoak (% 32), eta galdekatutako pertsonen erdiek adierazi dute hasi direla dagoeneko beren bidaiarako plana egiten, eta internet dutela informazio-iturri gogokoena, hala bidaiarako lekuari buruz informazioa biltzeko (% 71) nola alojamendua (% 72), tokian egingo dituzten jarduerak (% 64) eta garraiabide egokiena hautatzeko ere (% 58). Turismo-paketearen erreserbak ere internet bidez egiten dira batik bat (% 58), nahiz eta % 33k bidaia-agentzia fisiko batean egingo duen erreserba.

Bidaiatuko ez dutela baieztatu dutenek adierazi dute horretarako arrazoia pandemia dela batez ere (% 38), atzerago direla arrazoi pertsonalak (% 23), ekonomikoak (% 12) edo denbora-falta (% 12). COVID-19ak 10 pertsonatik 7tan izango du eragina bidaiatzeko erabakiak hartzeko orduan uda honetan.

Inkestatutako pertsonen gehiengo handia bat dator esatean oso egokia dela Covid Ziurtagiri Digitala ezartzeko erabakia. % 76ri oso edo nahiko ondo iruditzen zaio.

Turismoari buruzko EAEko herritarren iritzia

Azterketan, Euskadin turismoaren sektoreak duen gizarte-garrantziari buruzko iritziaz galdetu da. Inkestatuen % 68k adierazi du turismoaren industria ekonomia garatzeko elementu garrantzitsua dela, zaindu beharrekoa. % 86ren iritziz, lehentasun bat izan beharko litzateke Eusko Jaurlaritzak sektoreari laguntzea. % 81ek, gainera, uste du turismoa oso elementu positiboa dela bere eguneroko bizitzan.

Sektorea bultzatzeko Jaurlaritzak pandemian abian jarritako laguntzei dagokienez (zuzeneko laguntzak, turismo-bonuak, etab.), % 34k dio ezagutzen dituela, eta horien erdiek uste dute orain arte emandako laguntzak egokiak direla; aldiz, % 30ek uste du ez direla nahikoak.

Bidaiatzea Euskadin Covid-19aren aurretik

Oporretan kanpora ateratzeko edo irteera laburrak egiteko ohitura oso zabaldurik dago Euskadin. Biztanleriaren % 83k adierazi du pandemiaren aurretik oporretarako astebete edo gehiagoko bidaiak egiteko ohitura zuela urtean behin gutxienez. % 46k adierazi du COVID-19aren aurreko urteetan urtean hainbat aldiz bidaiatzen zuela turismorako. Gainera, % 64k gau bateko edo biko irteerak egiten zituen urtean behin gutxienez.

Bidaiatzeko ohiturei dagokienez, gehiengoak (% 65ek) nahiago du bidaiatzeko planak bere kabuz egin; aldiz, % 17k bidaia-agentzia batera jotzen du. 65 urtez gorako pertsonek jotzen dute gehien era horretako establezimenduetara egin nahi duten bidaiari buruzko informazioa biltzera (% 35), eta haiek dira, halaber, turismo-pakete osoa gehien eskuratzen dutenak (% 11).

Internet da bidaiaren plana egiteko iturri nagusia, biztanleriaren % 69k erabilia. Segmentu horretan, helmugako edo erreserbako webguneak (% 45), sare sozialak (% 14) eta bidaien blogak (% 10) dira informaziorako bitartekoak.  Bidaien eta irteeren plana egiteko bigarren informazio-iturri erabilienak adiskideen eta senitartekoen gomendioak dira (% 52). 

Biztanleriak bikotekidearekin (% 34) edo bikotekide eta seme-alabekin (% 26) bidaiatzen du gehien. Horretan, adin-tarte gazteena da salbuespena (18-29 urte), adiskideekin bidaiatzen baitute (% 28k), edo bikotekidearekin (% 23k), edo gurasoekin edo beste senitarteko batzuekin (% 21ek).

Oporretan erabiltzeko bigarren etxebizitzaren erabilerari dagokionez, % 43k adierazi du eskueran duela erabiltzeko, dela jabetzan, dela familiarena izateagatik. Gehienetan, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek Kantabrian (% 18), EAEn bertan (% 13), Burgosen (% 11) eta gainerako Gaztela eta Leonen (% 13) eta abarretan dute atseginerako bigarren etxebizitza horiek.

Fitxa teknikoa

Landa-lan hau 2021eko maiatzaren 31tik ekainaren 8ra egin zen, eta 2.055 pertsona elkarrizketatu ziren guztira. Azterketa osoa kontsultatzeko, nahikoa da joatea Basquetourren eta Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen webguneetara.