Euskal Autonomia Erkidegoak oinarriak ezarri ditu berrikuntzan aurreratuen dauden Europako eskualdeen artean kokatzeko (Gobernu Bilera 2021-2-23)

PCTI_EUSKADI_2030-1.jpg

2021-02-23

  • Gobernu Kontseiluak 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plan berria onartu du
  • Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuekin konprometitutako eta Europarekin lerrokatutako plana
  • Lau zutabetan oinarritutako plana: bikaintasun zientifikoa, lidergo teknologiko-industriala, berrikuntza irekia eta talentua; hiru erronka nagusiri ekiten diena
  • Espezializazio adimendunaren estrategian sakontzen da eta Zeharkako Ekimen Traktoreak sortzen dira
  • 600 milioi euro inbertituko dira 10 urtean, I+G+b-a babesteko urteko aurrekontuak % 6 handitzeko Eusko Jaurlaritzaren konpromisoarekin

Gobernu Kontseiluak Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana (ZTBP 2030) onartu du gaur. Planaren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoa berrikuntzan aurreratuen dauden Europako eskualdeen artean kokatzea, bizi-maila eta enpleguaren kalitate handiarekin. XII. legegintzaldian onartutako Gobernuaren lehen plan estrategikoa da.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluak —Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia, teknologia eta berrikuntzako politikaren orientazio estrategikoko, partaidetzako, aholkularitzako eta sustapeneko organo nagusiak— plan berriaren edukien aldeko txostena eman zuen joan den otsailaren 16an.

ZTBP 2030 Planak finkatu egiten du Euskal Autonomia Erkidegoak ikerketaren eta berrikuntzaren alde egiten duen apustu estrategikoa. Zientzia, teknologia eta berrikuntza sustatzeko epe luzerako apustua, Euskadi digital, berde eta inklusibo baterako trantsizioa bizkortzeko palanka gisa. Erakunde publiko, enpresa, unibertsitate, ikerketa-zentro, zentro teknologiko eta eragile sozioekonomikoek parte hartu dute haren prestaketan, eta 200 erakundetako 300 pertsonak baino gehiagok lagundu dute.

Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuekin konprometitutako eta Europarekin lerrokatutako plana.

Plan hau Euskadi Basque Country 2030 Agendan sartuta dago. Hain zuzen, Agendak jaso egiten du Nazio Batuen garapen jasangarrirako helburuekin eta “giza garapen jasangarrirako” estrategiarekin herrialdeak duen konpromisoa. Eta nazioarteko eta tokiko hainbat erreferentziarekin lerrokatzen da: Europa Horizontea Esparru Programa, Europa Digitala Programa, Europako Itun Berdea, Next Generation EU Programa eta Euskal Autonomia Erkidegoan Ekonomia Suspertu eta Enplegua Sustatzeko 2020-2024 Programa.  

Lau zutabetan oinarritutako plana: bikaintasun zientifikoa, lidergo teknologiko-industriala, berrikuntza irekia eta talentua; hiru erronka nagusiri ekiten diena.

ZTBP 2030 planak zutabe estrategiko gisa ezartzen ditu bikaintasun zientifikoa, lidergo teknologiko-industriala eta berrikuntza irekia, baita talentua ere, beharrezko erdigune nagusi gisa. Lau elementu horiek ezinbestekoak dira eta batera eta modu orekatuan lagundu behar dute ikerketaren emaitzak emaitza sozial eta ekonomiko bihur daitezen.

Planak hiru erronka nagusi ditu: I+Gko inbertsioak handitzea, batez ere enpresa-sektorean; enpresa txiki eta ertainetan berrikuntza bultzatzea; eta ikertzaileen artean emakumearen presentzia sustatzea. Erronka horiek ebazten laguntzeko, 2030ean Euskal Autonomia Erkidegoan lortu beharreko zenbait helburu eta xede zehaztu dira. Horien artean, aipatzekoak dira honako hauek:

  • Enpleguaren % 19 ezagutzan intentsiboa izango da.
  • Argitalpen zientifikoen % 22 nazioartean gehien aipatutako % 10aren barruan egongo dira.
  • Esportazioen % 58 goi-mailako eta goi-ertain mailako teknologiako produktuena izango dira.
  • Enpresen fakturazioaren % 20 produktu berriena izango da.
  • Enpresen % 60k euren produktuetan edo negozio-prozesuetan berrituko dute.
  • Euskal Autonomia Erkidegoak parte hartzen duen Europako bost ikerketa-proiektutik bat gidatuko du.
  • Ikertzaileen % 35 doktoreak izango dira.
  • Ikertzaileen % 40 emakumeak izango dira.

Espezializazio adimendunaren estrategian sakontzen da eta Zeharkako Ekimen Traktoreak sortzen dira.

ZTBP 2030 plana ez da iraultza bat, baina bai aurreko planaren bilakaera garrantzitsu bat, espezializazio adimenduneko ‘RIS3 Euskadi’ estrategian sakontzen baita. Horrela, estrategiari trantsizio teknologiko-digital, energetiko-klimatiko eta sozial eta sanitario hirukoitzaren bektorea gehitu zaio, baita zerbitzu aurreratuen eta digitalizazio- eta komunikazio-teknologien enpresak ere. Horrek berekin ekarri du hiru lehentasun estrategikoak berriro zehaztea: 1) Industria adimenduna, 2) Energia garbiagoak eta 3) Osasun pertsonalizatua; baita lau aukera-esparruak ere: 4) Elikadura osasungarria, 5) Ekoberrikuntza, 6) Hiri jasangarriak eta 7) Euskadi sortzailea.

Berrikuntza gisa, “Zeharkako Ekimen Traktoreak” kontzeptua ezarri da. Horrek RIS3 arloen arteko lankidetza sustatuko du esparru estrategiko zehatzetan. Esparru horiek, hasiera batean, honela zehaztu dira: zahartze osasungarria, mugikortasun elektrikoa eta ekonomia zirkularra. Helburua da estrategia komunak ezartzea enpresen, unibertsitateen, teknologia- eta ikerketa-zentroen, administrazio publikoen eta beste eragile batzuen artean, ondo zehaztutako helburuak dituzten proiektu traktoreak identifikatzeko, horien emaitzak gizarteak ikusi ahal izan ditzan.

 ‘Oinarrizko teknologien’ mapa bat ere zehazten da. Teknologia horiek funtsezkoak izango dira ezarritako helburuak eta xedeak lortzeko. Teknologia horiek berrikuntza disruptiboak eragiteko ahalmena dute, eta horiek menderatzeak lagundu egingo du euskal enpresak balio-kate globaletan kokatzen.

18.600 milioi euro inbertituko dira datozen 10 urteetan, I+G+b-a babesteko urteko aurrekontuak % 6 handitzeko Eusko Jaurlaritzaren konpromisoarekin.

Plan berriaren agertoki ekonomikoek ikerketa eta garapenerako 18.600 milioi eurotik gorako inbertsioa aurreikusten dute 2021-2030 aldian, kontuan hartuta finantzaketa pribatua, finantzaketa publikoa eta nazioarteko funtsetatik datorrena.

Eusko Jaurlaritzak estrategikotzat jotzen du plan berri hau Euskal Autonomia Erkidegoaren etorkizunerako, eta zeregin traktorea beteko du ezarpen-aldi osoan, inbertsioa hazteko ahalegina gidatuta. Horretarako, I+G+b-a babesteko urteko aurrekontuak % 6 handitzeko konpromisoa hartzen du. Horren ondorioz, guztira 6.000 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo da planak iraungo duen hamar urteetan.