Euskadiren beharrei erantzuteko tresna "praktiko eta eragingarria" lortze aldera, "pandemiaren aurkako lege" baten egokitasunari buruzko txosten juridikoa aurkeztu du Garamendi sailburuak (Gobernu Bilera 2021-3-2)

IMG_3088.JPG

2021-03-02

  • Osasun publikoko krisi egoeretan kudeaketa arautuko duen lege baten bideragarritasuna aztertu du Eusko Jaurlaritzak
  • Araudia egokitzea planteatzen du, egungo lege esparrua errespetatuz, baina modulatuz, jarduteko aukera anitzak izanik interpretaziorako marjina dagoelako 

Osasun publikoko krisi egoeretan kudeaketarako lege baten justifikazioa eta testuingurua aztertzen duen txosten bat bidaliko die Urkullu Gobernuak Legebiltzarreko talde parlamentarioei, Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoek egindako txosten hori erreferentziazko lege-iritzi bat da, arau berri bat egitearen egokitasunari buruzkoa, neurrien berme juridikoak sendotzeko edo areagotzeko. Gainera, pandemiaren aurrean erakundeen eskura dauden tresnak argitzen lagundu nahi du.

 Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburu Olatz Garamendik agerraldia egin du hedabideen aurrean asteroko Gobernu Kontseiluaren ostean, eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak egindako txostenaren zutabe nagusiak azaldu ditu. Testu horretan Euskadik dituen barne premiei erantzungo dien Covid-aren aurkako lege integral baten bideragarritasuna jorratzen da. 

Garamendik azaldu duenez, osasun agintariek eta botere exekutiboak oro har erabiltzen dituzten habilitazioek edo gaikuntzek adierazpen zabalak eta ez oso zehatzak dituzte oinarri. Ondorioz, jarduteko eta interpretatzeko aukera handiak ematen dituzte. Horren aurrean, lege berri bat “tresna praktikoa eta eragingarria” izan liteke eta erakundeen, eragile publiko eta pribatuen eta herritarren jokabidea eta jarduerak antolatzeko tresna eraginkorra izango litzateke. Azken finean, euskal erakundeek Covid-ari aurre egiteko hartzen dituzten neurrien segurtasun juridikoa indartu nahi da, balizko jarduera esparruak ordenatu eta argitu, eta hartutako neurrien gaineko ulermen soziala eta argitasuna areagotu nahi ditu. 

Halaber, pandemiaren kudeaketaren lehen lerroaz arduratzea euskal erakundeei dagokiela gaineratu du, “esperientzia dutelako, legezko sostengua dutelako eta berehalakoan eta eraginkortasunez jarduteko tresna praktiko eta juridikoak dituztelako”. 

Osasun alerta kudeatzeko araubide juridiko berri batek ez lioke inolaz ere iskin egingo kontrol judizialari, are gehiago ikuskapen judizial saihestezinaren barruan egongo da uneoro. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoaren barne premiei erantzuten dien lege batek ez luke gaindituko osasun publikoa arautzen duen indarrean dagoen lege esparrua, izan Estatukoa zein Euskadikoa. 

Garamendiren hitzetan, alarma egoerak ez du EAEko araudi berri bat “eragozten”, are gehiago izatekotan “osagarria” litzateke. Nabarmendu du alarma egoera “pandemiari erantzuteko konponbide juridiko, kolektibo eta partikularren zati txiki bat” dela. Sailburuak azpimarratu duenez, “gure eskumenen esparrua ahalik eta gehien aprobetxatzea da helburua, oinarrizko eskubideen esparruan inolako esku-hartzerik egin gabe eta orain arte ditugun tresna legalen ahalmena zalantzan jarri gabe”. 

Gainera, irtenbide legalak eman ditzake pandemiaren ondorio ekonomiko larriei aurre egiteko, kaltetuen konpentsazio edo kalte-ordainen bidez, funts edo laguntza-lerro espezifikoak sortuz edo enpresak eta negozioak errekuperatzeko pizgarri publikoak esleituz.