Euskadin dauden 700 fundazioek Barne Produktu Gordinaren %1 mobilizatzen dute

Euskadiko Fundazioen Babesletza eta Erregistroko lan taldea, Lakuako egoitzan

2021-06-14

  • 500 milioi euro inguruko ondare garbia batzen dute eta 12.000 pertsona inguru enplegatzen dituzte
  • Asteazken honetan, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak Fundazioen Euskal Konfederazioaren (FUNKO) jardunaldiei hasiera emango die.

Euskadin diharduten irabazi asmorik gabe fundazioak EAEko Barne Produktu Gordinaren %1 suposatzen dute eta 6.500 milioi euro inguruko ondare garbia dute. Euskadiko Erregistroan 700 fundazio inguru daude inskribatuta eta fundatzaileek hala nahi dutelako ondare hori interes orokorreko helburuetara lotuta dute. Lurraldeka, Bizkaian Euskadiko osoko %50a fundazio daude, Gipuzkoan %35a eta Araban %15a. Fundazio horiek jarduera zehatz batzuetara bideratu behar dute euren lana. Jarduera horrek guztiak euskal BPGaren %1 mobilizatzen du eta 1.000 milioi euro inguruko diru sarrerak sortzen ditu urtean.

Euskadiko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeak 2020ko urteari dagokion  jardueren urteko memoria egin du eta aholku batzordearen nahitaezko txostena behar duten fundazioen helburuen izaera eta tipologia zehazten ditu. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari atxikitako Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak erregistroetan inskribatutako elkarte eta fundazioen estatutuak argitaratu ditu. Mota honetako informazioa modu irekian ematen duen lehen administrazioa da. Zazpiehun fundazioekin batera, EAEn 25.000 elkarte baino gehiago daude, eta horietatik 270 onura publikokoak dira.

Pertsona fisikoek zein juridikoek eratu ditzakete fundazioak. Pertsona fisikoek fundazioaren eskura uzten dituzten ondasunak eta eskubideak doan erabiltzeko gaitasuna izan behar dute. Pertsona juridiko publikoek fundazioak eratu ahal izango dituzte, edo haien eraketan parte hartu, bakar-bakarrik partikularrek edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek interes orokorreko jardueretan parte har dezaten sustatzeko.

Hori lortze aldera, interes orokorreko helburutzat hartzen dira gizarte-laguntzarekin, hezkuntzarekin, kulturarekin, zientziarekin, kirolarekin, osasunarekin, garapenerako lankidetzarekin, ingurumen babesarekin, ikerketaren edo  borondatezko lanaren sustapenarekin zerikusia dutenak. Ondare dotazioa ezinbesteko baldintza bat da fundazio bat eratzeko. Kopuruak egokia eta nahikoa izan behar du fundazioaren helburuak betetzeko. 30.000 euroko dotazioa nahikotzat jotzen da.

Fundazioen Euskal Konfederazioa Hain zuzen ere, prestakuntza jardunaldi berri bat egingo dute asteazken honetan, ekainaren 16an, Fundazioen Euskal Konfederazioa (FUNKO) osatzen duten fundazioek. Bertan, diru sarrerak fundazioaren helburuetara bideratzeko betebeharra betetzeari eta administrazio gastuari mugak jartzeari buruzko gida aurkeztuko da. Jardunaldia Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak irekiko du, eta telematikoki egingo da, Zoom plataformaren bidez, arratsaldeko 15:30etik aurrera.