Euskadiko merkataritzak 5,8 milioi euro jaso ditu lehen deialdian Next Generation berreskuratze-funtsetatik

denda.jpg

2021-12-30

Lerro horiek Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren parte dira. Plan horrek 415 milioi euroko zuzkidura aurreikusten du datozen hiru urteetarako, merkataritzari laguntzeko.

Euskadin garatuko diren proiektuak, Erresilientzia Planean sartzen direnak, Merkataritzako Estatu Idazkaritzako Merkataritza Politikako zuzendari nagusia buru duen ebaluazio-batzordearen ondoren onartu dira, eta autonomia-erkidegoetako ordezkariek parte hartu dute batzorde horretan. Euskadiren kasuan, 5,8 milioi euroko 9 proiektu onartu dira. Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila Espainiako Gobernuko Merkataritza Ministerioarekin lankidetzan aritu da hasiera-hasieratik funts horiek kudeatzen eta koordinatzen, deialdien zirriborroetara ekarpenak eginez eta autonomia-erkidegoetako zuzendarien mahaietan aktiboki parte hartuz. Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Zuzendaritzak, halaber, informazioa eman die EAEko udal guztiei, eta proiektuak prestatzen lagundu die, hala eskatu zaienean. Azkenik, lurralde-inpaktuaren ebaluazio teknikoa eman dio Ministerioari ebaluazio-fasean, eta euskal proiektuak defendatu ditu norgehiagoka-prozesuan.

Onartutako jarduerak hiru ildotan banatuta daude, Turismo-sektorearen lehiakortasun- eta modernizazio-planaren barruan (14. osagaia) eta ETEa sustatzeko planaren barruan (13. osagaia).

Hiri-merkatu jasangarrietarako laguntzen atalean, Euskadin 3,3 milioi euroko zenbatekoa duten 5 proiektu onuradun identifikatu dira. Ildo honen helburua da eduki teknologikoa, berritzailea eta jasangarritasunekoa duten planak eta proiektuak finantzatzea, bai eta ekipamenduak hobetzea ere, bere mugapean dagoen merkataritza-sektoreari begira. Aipatzekoa da Etxebarriko Udalak bere proiektuan puntuaziorik onena lortu duela. Gainera, Zumarraga, Ermua, Gasteiz eta Hernaniko udalek puntuazio oso onak lortu dituzte, deialdi honetara aurkeztutako proiektuen indarra erakusten dutenak.

Turista asko biltzen diren eremuetarako laguntzen lerroan 3 proiektu onuradun daude, 2,3 milioi euroko zenbatekoarekin. Laguntza-segmentu honen helburua da turismo-eremuetan dauden merkataritza-establezimenduei laguntzea eta turisten erosketa-esperientzia hobetzea. Atal honetan, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Udalak aurkeztutako proiektuak finantzatu dira.

Landa-merkatu jasangarrietarako laguntzetan, 64.498 euroko proiektu onuradun bat dago. Diru-laguntzen atal hau landa-eremuetan merkataritza-jarduera ezarri, modernizatu eta sustatzeko da (5.000 biztanle baino gutxiago), landa-ekonomiaren lehiakortasuna, iraunkortasuna eta dibertsifikazioa hobetuz. Ezkio-Itsasoko Udalak finantzazioa lortu du ildo horretan.

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, laguntza-lerro hori indartzeko, Next Generation funtsen 2022 deialdiko eskabideen baterako finantzaketa babestuko du, toki-erakundeei laguntzeko lerro berri batekin.