Euskadiko larrialdietako zerbitzuek Aiako Harrian ondoeza izan duen mendizale bat eta haren bi lagunak erreskatatu dituzte

21_0753.jpg

2021-07-25

Erreskate-operatiboan Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko Mendiko Taldeak eta helikoptero batek, Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileek eta Errenteriako Ertzain-etxeko baliabideek parte hartu dute, eta guztiak Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko teknikari batek koordinatu ditu. Erreskatatu ondoren, biktima hobeto sentitu da, eta ez dute osasun-zentro batera eraman beharrik izan.

Gaur arratsaldeko ordu biak eta bostean dei baten bidez jakinarazi diote larrialdietako zerbitzuari Oiartzunen, Aiako Harrian, ibilbide bat egiten ari ziren eta txakur batekin zihoazen hiru mendizalek zailtasunak zituztela itzulerako bidea aurkitzeko, eta bat zorabiatuta eta goragalearekin zegoela.

Gertaeraren berri izan bezain laster mobilizatu dituzte Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko Mendiko Taldea eta helikoptero bat, bai eta Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileak eta Errenteriako Ertzain-etxeko baliabideak ere. Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko teknikari bat arduratu da erreskate-lanak koordinatzeaz.

Helikopteroak biktima zegoen lekura iristea lortu du, eta bertan artatu ondoren iristeko moduko leku batera eraman du. Bertan bere onera etorri da, eta ez dute ospitalera eraman beharrik izan. Bere lagunak eta txakurra ere aireontziak erreskatatu ditu, zeuden lekura iristeko zailtasunak ikusita.